Ordizia, Urretxu eta Lazkaoko igerilekuak izango dira irekitzen lehenak. Sarrera eta bonu aukera desberdinen eskaintza dute, bezeroen beharretara egokitutakoa
Udako giroaren usaina ari da iristen poliki-poliki eta Goierriko kanpoko igerilekuak prest daude beroari aurre egin eta herritarrei aisialdi aukera polita eskaintzeko. Ordiziako Majori kiroldegikoa, Urretxukoa eta Lazkaoko Joxe Miel Barandiaran kiroldegikoa izango dira irekitzen lehenak, etzi, larunbata. Hilaren 13an Beasaingo Antzizar kiroldegikoa irekiko dute. Hilaren 15ean Legazpikoaren txanda izango da. Hurrena, hilaren 16an, Segurakoa eta Olaberrikoa. Idiazabalgoa, berriz, hilaren 17an irekiko dute eta Ormaiztegikoa izango da azkena bere ateak zabaltzen, hilaren 24an hain zuzen.
Sarrerak eta bonuak
Lazkaoko kanpoko igerilekua.
Sarreren prezioei dagokienez, aukera zabala dago. Goierrin dauden igerilekuen artean Beasaingoa da garestiena; helduen sarrera arruntak 11,30 euro balio ditu. Zerbitzu gehien eskaintzen duen kiroldegia ere bada Beasaingoa.
Prezio horretan kiroldegiko zerbitzu guztiak erabil daitezke: barruko igerilekua, txirrista, sauna, spa, gimnasioa, pilotalekua eta umeentzako parkea, besteak beste. Txartelak egun osorako balio du eta horrekin batera, kanpoko igerilekuko hamakak erabilgarri egongo dira 08:00etatik aurrera. Aukera merkeena, ordea, Olaberrikoa da: 4 euro balio ditu helduen eguneko txartelak eta 2 euro ordaindu beharko dute haurrek.
Igerilekuek edota kiroldegiek dituzten ohiko zerbitzuez gain, uda garaian, bezeroak erakartzeko asmoarekin, zerbitzu gehiagarriak ere eskaintzen dituzte batzuk. Idiazabalen eta Beasainen liburutegi txokoa izango dute eta puzgarriak Lazkaon, abuztuaren 5ean.
Berrikuntzak
Erabilpenaren eta denboraren eraginei aurre egiteko, hainbat herritako igerilekuek berrikuntzak egin behar izan dituzte. Bezeroei eskaintzen zaien zerbitzua hobetze aldera egin dituzte berrikuntza horiek. Majoriko igerilekua da horietako bat; kanpoko tabernaren terraza berritu dute. Horrez gain, igerileku handian pintaketa lanak egin dituzte eta txikian zorua berritu dute.
Segurako igerilekuan ere egin dituzte berriztapenak; barruko eta kanpoko dutxak aldatu dituzte. Idiazabalen, aldiz, tabernako barra berritu dute. Lehen, jaietan erabiltzen diren txosnatako behin behinekoen tankerako bat zuten jarrita eta orain, neurrira egindako bat jarri dute.