Batzarra egin dute eta aho batez baiezkoa eman diote Goierri Fundazioarekin eta Goiekirekin bat egiteko erabakiari. 2018an erabakia beteko dela adierazi du Sasietak
Itsasoko herritarrek batzarra egin dute eta bertan hartutako erabakien artean Goierri beheko egituretan sartzea da nabarmenena. Goierri Fundazioarekin eta Goikirekin bat egiteko lehenengo urratsa da, hilaren 28an osoko bilkurak berretsi egingo du hautua, eta 2018an beteko dela adierazi du Gorka Sasieta Itsasoko udal kudeaketa taldeko kideak.
Batzarra elizako koru azpian egin zuten. Parrokiarekin oraindik hitzarmena sinatzeko badago ere, udaletxea txiki geratu zaie halako batzarrak egiteko eta koru azpiko gunea hobetsi dute itsasoarrek batzarrak egiteko.
Sasietak Goierri behe aldera egiteko hautua arrazoitu du: «Betidanik badago joera orokor bat Goierri behe aldera egitekoa, lan egiteko guneak direla edota arrazoi historikoak direla». Udalbatzak Goierri garaia aldera egiteko edo behera egiteko aukerak aztertu ditu, izan ere, Itsaso herri berri bat da eta ez dauka aldez aurreko lotura administratiborik bietako batekin ere. Aurrera begira, erabakia bat edo beste izanda, eskaera egin beharko lukete eta Sasietak dioenez, «aztertu ondoren Goierri behera egitea erabaki dugu». Beste arrazoi bat ere eman du Sasietak, hain zuzen, «Goierri behean gure antzeko arazoak dituzten herri txiki gehiago daude eta Goierri garaian herri gehienak handiagoak izanda, guretzat egokiago ikusi dugu behe aldea».
Ekaineko osoko bilkuran erabakia ofizial egingo dute eta Goiekiri eskaria egingo diote ondoren, «dagoeneko jakinaren gainean daude eta aztertzen ari dira zein izango den jarraitu beharreko prozedura administratiboa».