Maite Arboniesek irabazi du Zumarragako jaietako kartel lehiaketa
Maite Arbonies zumarragarrak irabazi du Zumarragako Santa Isabel jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa. Hiru lagunek bakarrik parte hartu dute eta alkateak datorren urtean lehiaketa ikastetxeetara irekiko dutela aurreratu du. Arboniesek
Maite Arbonies zumarragarrak irabazi du Zumarragako Santa Isabel jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa. Hiru lagunek bakarrik parte hartu dute eta alkateak datorren urtean lehiaketa ikastetxeetara irekiko dutela aurreratu du.
Arboniesek hirugarrengoz irabazi du lehiaketa hau. Iaz ere berak irabazi zuen. Aurten, berdintasunaren aldeko borroka kartelera eraman du. “Duela bi urte dantzariek neskei ere ezpata-dantzan parte hartzeko aukera ematea erabaki zuten eta erabaki horrek eragin handia izan du aurtengo kartelean. Berdintasunaren aldeko borroka kartelera eraman nahi nuen. Izan ere, neskek ere urte osoan zehar gogor lan egiten zuten eta mutilek bakarrik zuten ezpata-dantzan parte hartzeko aukera. Aurrerapauso bat iruditzen zait eta gizartean ere aldaketak ematen ari dira, poliki-poliki”.
Berdintasuna islatzeko, kartelean txapel batzuk jarri ditu. “Txapel horien azpian ez dago pertsonarik, ez bainuen generorik markatu nahi. Denok pertsonak garela azaldu nahi dut. Bestalde, Zumarraga hitzan lehen silaba gorriz idatzi dut: berdintasuna zure esku dagoela eta jaiak zuk egiten dituzula da mezua”.