Lehenengo fasean Zumadi industriagunearen parean jarriko dituzte dituzte uda ondoren. Olaberria eta Beasain arteko zorua ere erabat berrituko du foru aldundiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura diputatua, Aintzane Oiarbide, Beasaingo udaletxean izan da gaur foru aldundiak Beasainen N-1aren inguruan egingo dituen bi proiektu aurkezteko.
Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatua.
Batetik, Zumadi Industriagunearen edo Guregas gasolindegiaren parean, Gruas Usabiagatik Zumadi Industriagunera joateko irteera bitartean dauden 288 metrotan, zarata gutxitzeko pantailak jarriko dituzte, “N-1 errepideko zirkulazioak eragiten duen zarata murriztuko da Beasaingo Trenbide kaleko etxebizitzen onerako”. Lau metro altuerako pantailak jarriko dituzte, “bi aldeetatik xurgatzaileak edo absorbenteak” direnak, “errepideko zarata gutxitzeaz gain, trenbidetik datorrena ere ez errebotatzen lagunduko dutenak”. Panelak metalikoak izango dira.
Uda ondoren hasiko dira lanak eta hiru hilabeteko epean bukatzea aurreikusten dute. 438.127,99 euroko aurrekontua dute lanek.
Zorua berritu
Bestetik, foru aldundiak zorua berrituko du Olaberria eta Beasain artean, 416 eta 420 kilometro artean, Donostiarako bidean. Neurri horrekin ere, zarata gutxitzea lortu nahi dute. 1.300.000 euroko aurrekontua du.
Zaldizurreta ingurua
Oiarbidek nabarmendu duenez, Zaldizurreta inguruan panelak jartzeko azterketa ere egiten dira. “Baina kezka edo arazo berezi bat dago: trenbidea errepidetik oso oso gertu dago. Oso leku gutxi dago pantailak jartzeko, zapata handiak dituzte pantaila hauek eta”, zehaztu du. Adifekin batera ari dira gaia aztertzen.