Nerea Mendizabal: «Gure jostunei esker ona adierazteko aitzakia da Josiz Eguna»
Zoriak eta familiak gerturatu zuten Nerea Mendizabal (Zumarraga, 1973) harien mundura. Julita izebak 1943an irekitako mertzeria berriro familiaren eskuetara itzuli, eta haren kargu egiteko aukera izan zuen. Bi aldiz pentsatu
Zoriak eta familiak gerturatu zuten Nerea Mendizabal (Zumarraga, 1973) harien mundura. Julita izebak 1943an irekitako mertzeria berriro familiaren eskuetara itzuli, eta haren kargu egiteko aukera izan zuen. Bi aldiz pentsatu gabe hartu zuen negozioaren ardura, eta harien unibertsoan murgildu zen. Bihar Urretxun eta Zumarragan egingo den Josiz Egunarekin “esker ona” adierazi nahi dute, eta eskulanen inguruan festa giroko eguna egin.
Aurretik ere ba al zeneukan hari-eskulanekiko afiziorik?
Dendan lanean hasi aurretik, ez nuen inolako kontakturik mundu honekin. Lanean hasi eta urteek aurrera egin ahala, dendan tailerrak antolatzea otu zitzaigun. Tailerren hastapenetan izugarri lagundu zidan Maika Ulik.
Zein izan da biharko Josiz Eguna antolatzeko arrazoia?
Dendaren inguruan sortu den komunitatearekin eguna partekatzeko gogoa dago oinarrian; esker ona adierazteko aitzakia da, eta eskulanen inguruan festa moduko bat egitekoa.
Josteak eta ehuntzeak ba al daukate adinik eta generorik?
Adinik, ez. Generoa, oraindik, bai; emakumezkoak dira gure inguruan ari diren gehienak. Hori iraultzeko aletxoa jarri nahi dugu.
Nolakoa da zuen ikastaroetara joaten direnen profila?
25 eta 65 urte arteko emakumeak dira. Amonak, amak, alabak, etxekoandreak, etxetik kanpo lanean ari direnak, erretiratuak…
Zertarako uste duzu dela ona eskuekin harilkatzea edo jostea?
Ikastaroetan nabarmen ikusten da ikasleek autoestimua hobetzen dutela; beldurrak gainditu eta eskuekin zer egiteko gai diren jabetzen dira. Norbera ondo sentitzeko balio du, orduak betetzeko, ondokoarekin partekatzeko, lasaitzeko, sormena azaltzeko…
Ekintza terapeutikoa dela esango zenuke, beraz?
Kezkak eta nekeak kanpoan uzteko aukera ematen die tailerrak emakume horiei, eta baita eurentzat tarte bat hartzeko ere. Ikastaroak aurrera egin ahala, umorea edo lasaitasuna azaleratzen dituzte emakume horiek, eta gauza handia da hori. Kezkak eta ezinegonak atearen beste aldean geratzen dira bi orduz. Orain artean, gainera, trinkotu egin dira taldeak, eta giro aparta sortu da.
Zuri zer ematen dizu harien unibertsoak?
Gainerakoan ezagutuko ez nukeen jende asko ezagutzen ari naiz. Sorkunde Larrañaga eta Ana Sanchez irakasleak, Marta Aizpurua lankidea, Maider Sudupe sortzailea…