«Baionan borobildutako prozesuan gizartearen eginkizuna giltzarria da»
Ia 25 urteko ibilbidea du bakegintzan Joxe Begiristain Aizpuruak (Ataun, 1961). Elkarrin hasi, Lokarrin segi 2006an, eta hura ahitu zenean, «aurreko ...
Ia 25 urteko ibilbidea du bakegintzan Joxe Begiristain Aizpuruak (Ataun, 1961). Elkarrin hasi, Lokarrin segi 2006an, eta hura ahitu zenean, «aurreko guztiaren ondarea mantentzeko nolabait», 2015ean Uharan sortu zuten. Beti, elkarbizitza lantzeko ahaleginean eta elkarte horiek «lehenbailehen desagertzeko» nahiarekin, beharrik ez izatearen ametsez. ETAren armagabetzea lehen lerrotik jarraitu du, Baionako ekitaldia barne. Baina beste lanak ez direla amaitu argitu du.
Mende laurdena bakea ereiten.
Gogoan ditut zenbait garai, oraindik harrotasun pixka batekin kontatzen ditudanak. 2004an 123.000 sinadura biltzeko egin genituen lanak, bi legebiltzarretara eraman eta alderdi politikoak hizketan has zitezen. Edo Ezker Abertzaleak bide politiko eta demokratikoekin soilik bat egingo zuela iragarri, eta 2010eko Bruselako Adierazpena. Eta, nola ez, 2011ko Aieteko Adierazpena, segidan ETAk ekintza armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuena. Gerora, adierazpen hura sostengatzeko, Lokarrikook herritarren artean nolako sinadura bilketa egin behar izan genuen ere gogoan dut.
Apirilaren 8an egikaritu zen ETAren armagabetzea. Egun hura zer izan zen zuretzat?
Izugarri hunkitu ninduen. Baionako ekitaldi publikoarekin borobildu zen armagabetzearen prozesua. Oraindik kosta egiten zait gertatua sinesten.
Ondo bukatuko zen ez zenuen uste, agian? Bazenuen kezkarik edo beldurrik gobernuek mugimendu hura lehertuko zutenik?
Noski! Prozesu osoan izan dut, ematen zidaten informazio urriaren neurrian, jakina. Inozoenak ere badaki Espainiako Gobernuak edozer gauza egin zezakeela armagabetze hori zapuzteko. Ni lasaitu, benetan lasaitu, Baionan Paul Riosekin egon ondoren lasaitu nintzen.
Egun hura nola joan zitzaizun?
Goizeko lauretan Beasainen AEKren Korrikan parte hartu, eta hala ere oso goiz ginen Baionan. Han garaiz elkartu ginen Paul Riosekin, eta hark ziurtatu zigun dena ondo joan zela, eta eguna bera ere aurreikusita bezala bideratuko zela. Ikaragarri lasaitu ninduen horrek. Egun guztian jende askorekin egon ginen, poz handia antzematen zen guztiengan. Iluntzean, etxera bidean, oraindik dardara sentitzen nuen soinean. Gau hartan ere, berandu erretiratu banintzen ere, kosta zitzaidan loak hartzea. Baina poztasunezko urduritasuna zen, lorik gabeko 24 ordu haietako egoera.
«Izugarri hunkitu ninduen egun hark. Baionan borobildu zen armagabetzea. Sinesten ere…»
«Kezka banuen. Inozoenak ere badaki Espainiak zapuzteko edozer egin zezakeela»
«Ni lasaitu, benetan lasaitu, Baionan Paul Riosekin egon ondoren lasaitu nintzen»
«Orain, beldur naiz herritar xeheok ez ote garen ‘bertan goxo’ eginez apalduko»
Zer irabazi dute Euskal Herriak, gizarteak, herritarrek armagabetze prozesuarekin?
Dena! Alde bateko indarkeria zuzenean nozitu dutenengandik hasi eta euskal herritar bakoitzarenganaino, gizarte osoak lasaitu ederra hartu du. Hori esanda, alde guztietako indarkeria gaitzetsiz urteak daramatzagunok zilegitasun osoa dugu ETArenak ez diren gainontzeko indarkeriak ere salatzeko eta horien desagertzea ere behin betikoa izan dadin exijitzen jarraitzeko.
Baina?
Orain, ordea, beldur naiz herritar xeheok ez ote garen bertan goxo eginez apaldu, eta guztion elkarbizitzaren gorabehera gatazkatsuetan eragiteari ezikusia eginez, elkar ezin ikusiz jarraituko ote dugun…
Zein ikasgai ezin da ahaztu prozesu honetatik? Batzuek diote beste arazo batzuk konpontzeko balio dezaketen sistemak garatu eta martxan jarri direla, herritarrek gidaritza hartuta.
Nik neuk bizitza osoa daramat era bateko edo besteko gizarte erakundeetan. Horrek ez du esan nahi alderdi politikoen sistemaren kontra nagoenik. Botoa, adibidez, beti ematen dut. Hori bai, Euskal Herrian asko gustatzen zaigu hurkoa beti nonbait lerrokatzea. Elkarrin genbiltzanean, PNVkoak ginela esaten ziguten kanpotik; Lokarrin, Ezker Abertzalekoak… Umorez jardun izan ohi gara horretaz.
Bada, zerbait ikasi badut Elkarrin partaide izatea erabaki nuenetik, pertsona desberdinen arteko bizikidetza lantzen izan da. Ni izatez ezkorra banaiz ere, gure aitarekin gogoratzen naiz. Hark esaten zidan ez nenbilela alferrik inoiz soldadutzarik gabe biziko ginela espero banuen; ETA inoiz desagertuko zela sinesten banuen. Euskal Herria herri burujabe eta euskalduna izango zela ere esaten nion… Badugu zertan aritua, elkarlanean.
Zein izan da gakoa armagabetzea ongi burutu zedin?
Elkarriren eta Lokarriren garaietatik, oso argi izan dugu gure gizartea bake eraikuntza prozesu batean jartzeko, gizarteko banakakoek parte hartzeak ezinbestekoa izan behar zuela. Ohiko bake prozesuak estatuen eta talde armatuen arteko negoziazioetan oinarritu izan dira urtetan, baina joera hori aldatuz joan da, munduko beste bake prozesuetan izandako esperientziari esker.
‘Bakea’, norentzat da bake?
Gizartea bere osotasunean, eta zuzenean era bateko nahiz besteko indarkeria nozitu duten pertsonak dira bakearen hartzaileak. Beraz, horren eraikuntzan subjektu aktibo izan beharra dute horiek. Elkarrin eta Lokarrin horretan aritu gara: bakerako baldintzarik inondik antzematen ez zenean, blokeo eta indarkeriazko momentu gogorrenetan ere, gizarteak bultzatu ditu ardurak zituzten eragileak elkarrekin hitz egitera, bakea eraikitzeko agenda eta ibilbideak proposatu dituena, eta beste gune batzuetan garatu ezin ziren eztabaidak ahalbidetu dituena.
Hori irudikatu zen Baionan.
Apirilaren 8an Baionan mundu guztiaren aurrean gauzatutako ekitaldia beharrezkoa zen, eta oso-oso garrantzitsua izan da. Oraingoan ere gizartearen eginkizuna izan da giltzarri. Prozesuaren alde ez daudenak ere badira, noski. Horregatik, pauso guztiak oso ondo bideratu eta babestu behar dira. Zuhurtzia ezinbestekoa da.