«Fitnessa, kirola baino, nire bizitza estiloa da»
Euskadiko Fitness txapelketan laugarren egin zuen Jon Aranburu Mati-k (Idiazabal, 1993), Gernikan, maiatzaren 27an. Goierri aldean, oso ohikoa ez den kirola da ...
Euskadiko Fitness txapelketan laugarren egin zuen Jon Aranburu Mati-k (Idiazabal, 1993), Gernikan, maiatzaren 27an. Goierri aldean, oso ohikoa ez den kirola da fitnessa. Gaur, 19:00etan, gaiari buruzko hitzaldia egingo du jaioterrian.
Zertan datza fitness-ak?
Kirol bat baino gehiago da niretzako fitnessa. Esan dezaket nire bizitza estiloan bihurtu dela. Ohitura aldaketa sakona eskatzen duen zerbait da. Elikadura, entrenamendua eta deskantsua dira jarraitzen ditugun ildoak. Esfortzu handia suposatzen du, eta konstantzia da gauza garrantzitsuenetako bat. Fitnessean helburuak lortzeko, hori da bide bakarra, eta bide luzea da gainera. Gorputz landua edukitzea ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait, eta hori oso garbi izan behar du honetan hasten denak.
Niri betidanik gustatu izan zait kirola egin eta gorputza zaintzea. Futbolean aritu izan naiz. Futbola utzi, eta orain dela urte eta erdi inguru hasi nintzen fitnessa serioago hartzen.
Zein da helburua?
Nire gorputza zaindu eta lantzea, gorputzean simetria bat bilatzeko. Fitness-ak gorputz orekatua izatea eta estetikoa izatea eskatzen du. Txapelketa batean parte hartzeko lana gogotik egin behar da.
Baina, esfortzuak balio izan du zure kasuan…
Bai! Laugarren sailkatu naiz Euskadiko txapelketan eta oso pozik nago. Lehenengo aldiz parte hartu dut maila horretako txapelketa batean, laugarrena izan naiz sailkapenean, eta egia esan, sinestu ezinik nago. Maila oso handia dago eta gorputz oso definituak bilatzen dira. Prestaketa oso handia izan da azken hilabeteetan.
Zure egunerokoa nolakoa da?
Elikadura da puntu garrantzitsuena. Hori da klabea! Jaten dudan guztia pisatzen dut. Bi fasetan banatzen da prestaketa: lehen-lehenik pisua hartu behar da, eta zazpi janaldi egin ohi ditut. Ondoren definizio fasea egiten dut. Bigarren etapa horretan janaldi gutxiago egiten dira, kaloriak jaistea oso garrantzitsua baita. Likidoiei dagokienez antzeko zerbait izango litzateke. Karga fasea egiten dut lehenik eta deskarga fasea ondoren. Konpetizioa baino 10-12 ordu lehenago ez da gomendatzen ezer edatea; horrek giharre guztiak ongi definitzen laguntzen du.
Zu gurasoekin bizi zara. Zer moduz daramate beraiek?
Hasieran eromena izan zen, elikadura horrenbeste zaintzeak ohitura aldaketa handia dakar, eta hasi eta ohitu arte ez da erraza etxekoentzat ere.
Entrenamenduari dagokionez zer kontatu dezakezu?
Azkeneko hamar hilabeteak topera entrentzatzen pasa ditut. Oso entrenamendu kontrolatuak eta neurtuak izan dira, helburu finko batzuk lortzeko zehaztutakoak.