Bertatik Bertara Loratzen Astearen balorazioa egin du Urola Garaia Mankomunitateak eta «fruitu gozoak» eman dituela esan ere. Legazpi, Urretxu eta Zumarragako dendetan 58 lagunek bost zigiluak jarri dizkiete ekimenak banatutako txartelei. Instagrameko argazki lehiaketan 18 argazki jaso dituzte eta Igartubeiti baserrian, Ezkion, bertako produktuekin egindako pizza tailerra bete egin zen.
Dendetan egindako ekintzan parte hartu duten eta bost zigiluak lortu dituzten 58 lagun horien artean hiru otordu zozkatu dituzte eta irabazleak honakoak izan dira: Mari Kruz Murua (Zumarraga), Luis Etxezarreta (Urretxu) eta Jesus Mari S. de Samaniego (Legazpi). Lehenengo biek bi lagunentzako otordua irabazi dute Urretxuko Santa Barbaran; hirugarrenak, Legazpiko Katilun.
Hala Santa Barbaran nola Katilun bertako produktuekin egindako otorduak prestatuko dituzte. Santa Barbaran irabazleek ondoko menua izango dute: gazta entsalada, barazki panatxea, entrekota, gazta tarta eta kafea. Legazpiko Katiluko menua honakoa izango da: izokin marinatua entsalada San Migel baserriko barazkiekin, baserriko txuleta, Makatza baserriko Idiazabal gaztaren moussea irasagar eta intxaurrekin eta edateko San Migel baserriko sagar-zukua. Gehiena, horrenbestez, bertako produktuekin egindakoa izango da.
Igartubeitin 22 lagun
Igartubeitiko pizza tailerrak emandakoarekin ere gustura agertu dira, Goierri garaiko gazta eta barazkiak erabilita egin zituzten pizzak tailerrean parte hartu zuten 22 lagunek.
Instagrameko lehiaketara 18 lagunek bidali zituzten argazkiak eta aiur_2 erabiltzailearen argazkiak eraman du saria. Mugurdiak eta sagar zukua ageri dira bertan eta, garaiko produktuak izateaz gain, argazkiaren kolore biziak baloratu dituzte epaimahaikideek. Irabazleak bi lagunentzako zaldi ibilaldi bat eskuratu du bi lagunentzat Itsasoko Ibur zalditegiaren eskutik; ibilaldia Goierri garaiko parajeetatik egingo dute.
Fruitu gozoak bildu ondoren, antolatzaileek parte hartu duten guztiei eskerrak luzatu dizkiete.