Larunbatean Gasteizen egingo den ekitaldira joateko deia egin diete goierritarrei. Autobusa Beasaingo Bernedo Eneko aparkalekutik aterako da 09:45ean.
Ireki Goierri ekimenak prentsaurrekoa eman du gaur Beasaingo Loinazko San Martin plazaren azpian, 2016ko urrian langile mugimendutik martxan jarri zuten Ireki izeneko ekimenaren harira. “ETAk su etena iragarri zuenetik 5 urte pasa ondoren, presoen eta iheslarien etxeratze bidean langile mugimendutik ezer gutxi egin genuela baloratzen zen. Kezka horrekin bat egin genuen langile batzuk bildu ginen Euskal Herri osoan eta preso eta iheslarien etxeratze bidean zerbait egin behar erabaki genuen”, adierazi du Eider Oiarbidek, Ireki ekimeneko arduradunak.
Honela, sinadura bilketa erraldoi bat eginez, euskal langileen artean milaka sinadura biltzea jarri zuten erronka. Helburu horrekin, azken hilabeteetan herrietan eta lantokietan sinadura bilketak egin dituzte, eta “langileek eskuzabalik erantzun diote ekimenari. Antolatu gabeko langile taldea izanagatik ere, zailtasunak zailtasuna, Goierrin 3.500 sinaduratik gora biltzea lortu dugu”, zehaztu du Oiarbidek. LAB eta EHNE sindikatuek, Ernai gazte erakundeak, jubilatuek eta hainbat langilek egin dute bat egitasmoarekin.
Larunbatean Gasteizera joateko deia
Larunbatean Gasteizen egingo den mobilizazioarekin amaituko da Ireki ekimena, “sinadura bilketa gatazkaren konponbidearen norabidean, presoak eta iheslariak etxera ekartzeko urratsa behin betikoz lortzeko baliagarri izango delakoan”. 11:00etan, bi zutabe aterako dira Arangiz eta Otazutik, eta ondoren 12:30ean manifestazioa egingo dute Correos plazatik, Ama Birjina Zuriaren plaza ondotik.
Gasteizko ekitaldian parte hartzeko deia egin die goierritarrei eta autobusa antolatu dute Goierritik; Beasaingo anbulatorio ondoko aparkalekutik abiatuko da, 09:45ean. “Izena emateko aukera ohiko tabernetan egongo da”, zehaztu dute.