Legazpi Zero Zaborrek dio bi urtetan errefusa %27 igo dela
Zero Zabor taldea kezkatuta agertu da igoeragatik. Edukiontzi grisa jarri zutenetik 162 tona gehiago sortu direla diote. Udal gobernuaren jarrera salatu dute

Galdeketa egin eta sistema aldatzea erabaki eta gero, iazko otsailean kendu zituzten atez atekoaren zintzilikarioak.
Zero Zabor taldekoek hondakinen pisaketari erreparatzearen aldeko agertu dira datuen irakurketa zuzenagoa ematen duelakoan baitaude. 2014an sortutako errefusa kantitatea 32.223 kilokoa zen hilabeteko eta aurten 40.240 kilokoa izaten ari da hilabeteko, «igoera nabarmena da». Legazpiar bakoitzak batez beste sortzen duen errefusa xehatu dute: 2014an 3,73 kilo hilabeteko eta aurten 4,74 kilo hilabeteko. «Igoera, beraz, %27 da».
2014an eman ziren datuei eutsita, azken 18 hilabeteetan –edukiontzi grisa jarrita dagoen denbora– 137 tona errefusa gutxiago sortuko lituzketela diote. Aurten, ordea, datuek bere horretan jarraituz gero, «hilabeteko zortzi tona errefusa gehiago sortuko dira Legazpin, lau kamioi betetzeko adina».
Udal gobernuari
Zero Zabor taldetik udal gobernuaren jarrera salatu dute. «Gobernuan egon aurretik ere, erosotasuna lehenetsi zuten ingurugiroa, osasuna, ekonomia eta abarren gainetik, baita teknikarien iritzien gainetik ere, bai ala bai edukiontzi sistema ezartzeko. Hitza eman zuten eta behin eta berriz errepikatu ere, haiek gobernuan egonda, kopuruei eutsiko zietela, ardura hori euren gain hartzen zutela».
Legazpiko Zero Zabor taldeak udal gobernuaren gaiarekiko jarrera «guztiz pasiboa» salatu du eta «hitza bete eta neurriak hartzeko» eskatu diote.












