Baratze sozialak Caritas-Sarearekin eta Ekogunerekin kudeatuko dituzte Beasainen
Beasaingo Udalak lankidetza hitzarmenak sinatu ditu. Helburu eta erabilera soziala lehenetsiko da. Hilaren 30era arte eman daiteke izena. 60 baratze aurreikusi dituzte
Estanda lantegiaren atzean egokituko den baratze sozialen gunearen kudeaketarako eta erabilerarako lankidetza hitzarmena sinatu du Beasaingo Udalak, Caritas-Sarea eta Ekogune fundazioekin. Udalaren esanetan, baratze sozialen proiektu berriarekin, «bereziki, behar gehien duten giza kolektiboak eta interes berezikotzat hartzen diren pertsonen taldeak» izan ditu gogoan. 60 baratze sail egokitzea aurreikusten da.
Kutxa Ekogunea Fundazioarekin baratze publikoen erabileraren ardatz nagusiak finkatu dituzte: «Lurraren ikuskaritza eta aholkularitza, tailer praktikoak, formazioak, gomendioak eta ohar mantenurako irizpideak». Baratzeen helburuak eta ardatz nagusiak ere zehaztu dituzte: aisialdi aktiboa sustatzea, nekazaritza ekologikoa bultzatzea, erabiltzaileengan eta haurrengan naturarekiko errespetua sustatzea, gizarte talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremanak bultzatzea eta gizon eta emkumeen arteko proportzioak zaintzea. Beasaingo baratze parkea Ekogunearen baratze parke sareko kide izango da eta adituen aholkularitza jasoko du.
Caritas-Sarea
Baratze parkeak izango duen izaera eta erabilera soziala, berriz, Caritas-Sarea fundazioarekin hitzartu dute. Udalaren esanetan, «giza integrazio programak burutu ahal izateko baratze sozialetara bideratuko diren partzelak %35 izango dira, interes bereziko taldeei esleituz». Kasu horretan sartuko dira irabazi asmorik gabeko elkarteak, fundazioak, behar berezia duten kolektiboak eta ikastetxeak. «Caritas Goierri eta Sarea fundazioa arduratuko dira beren erantzukizunpeko partzelen barneko nekazaritzako jardueretan parte hartzen duten pertsonak hautatu, hartu, laguntza eman eta jarraipena egiteaz».
Izena emateko aukera
Baratze publiko bat erabili nahi dutenek, lagapena eskatzeko izena emateko epea irekita dago hilaren 30era arte. Bi modu daude horretarako: rosa@laia.coop. net posta elektronikora mezua bidaltzea edo udaletxeko harrera gunera, Igunera joatea.
Baratze sozialen proiektu berria udazkenerako gauzatua egotea espero du udalak; «bitartean baratzeen esleipena eta lur eremua egokitzeko lanak burutuko dira».
Proiektuaren diseinua Ekogunek egingo du eta eremua egokitzearen aurrekontua 42.000 eurokoa izango da, aurreko legealdiko proiektua baino 223.431,11 euro merkeagoa: «Aurreko legealdiko proiektuan 88 baratze aurreikusita zeuden, egokia ez zen lurzoru industrialean eta aurrekontua guztira 265.431,11 eurokoa zen».












