Aurreko agintaldiko konpromisoak betetzeko eskatu dio, tartean bidegorrien finantzaketa bermatzea. Beasain-Idiazabal eta Ordizia-Zaldibia tarteak lehenesteko galdegin dute
Goierriko EH Bilduk eskualdeko bidegorri sarearen inguruan aurreko agintaldian «hartutako konpromisoak betetzeko» eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, atzo arratsaldean Ordizian egindako agerraldian. Goierrin, 2013tik 2017ra eraiki behar ziren bidegorri guztien finantzaketa berma dezala ere eskatu dio EH Bilduk, eta horretarako, 2018ko aurrekontuetan partida bat sor dezala proposatu dio aldundiari.
Eztitxu Mujika Zaldibiako Udaleko zinegotzia eta Iban Asenjo EH Bilduren batzarkidea izan ziren agerraldian, Goierriko beste hainbat udal ordezkarirekin batera. «Denbora gehiagorik galdu gabe», Beasain eta Idiazabal eta Ordizia eta Zaldibia lotuko dituen bidegorriak egiteko eta, bestalde, Segura eta Mutiloa arteko zein Ataun eta Lazkao arteko bidegorrien proiektuak egiteko ere eskatu dute EH Bilduko ordezkariek.
Horrez gain, Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana deritzan foru araua betetzeko eskatu diote Aldundiari eta, beraz, «Goierrirako aurreikusten diren foru bidegorrien eraikuntza ez baztertzea eta beraien lanei ahalik eta azkarren ekitea». Gainera, udal bidegorrien eraikuntza osatu ahal izateko, Goierriko udalak diruz lagundu beharko lituzkeela ere adierazi dute.
“Zaharrak berri”
Goierriko EH Bilduko ordezkarien eskaera ez da gai berria, aurreko agintaldian, 2011tik 2015era bitartekoan, Gipuzkoako Foru Aldundia alderdi horrek kudeatzen zuenean, Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana prestatu, onartu eta Gipuz-koako Batzar Nagusietara eraman zuen. Bertan ordezkatuta zeuden alderdi politiko guztiek, Aralarrek, PPk, PSE-EEk, EAJk eta EH Bilduk, aldeko botoa eman zioten, plana bera foru arau bilakatuz eta berau betetzea loteslea izanik.
Adostasuna erabatekoa izan zen. Konpromisoa, Itsasondoko bidegorriaren eraikuntzarekin ikusi ahal izan zen edota udal bidegorriak eraikitzeko udalei emandako diruarekin.
Agintaldi honetan, ordea, EAJk eta PSE-EEk kudeatzen duten honetan, «inoizko inbertsiorik txikienak egiten ari dira, nahiz eta diru sarrerak aurreko agintaldian baino handiagoak izan». Hori horrela izanik, azken bi urte hauetan Gipuzkoako Foru Aldundiak Goierrin bidegorri «metro bat bera ere» ez duela egin salatu du EH Bilduk. Eta ez hori bakarrik, Aldundiko mugikortasun sailak Goierrin bidegorririk egiteko «asmorik ez» duela adierazi dute EH Bilduko ordezkariek eta hori «oso larritzat» jo dute.
Agerraldian egindako eskerarekin mozioak aurkeztuko ditu EH Bilduk Goierriko udaletan, foru aldundiak gauzatzeko dituen bidegorri eta proiektuak «behingoz gauza ditzan».