Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tokikomek antolatutako 'Ekonomia gurean' saioa grabatu dute Urretxun. Goierri garaia bailarako argazki ekonomikoa atera dute
Urretxuko Inkubategian egin zuten atzo
Ekonomia gurean telebista programaren grabazioa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tokikomen arteko elkarlanaren emaitza da Gipuzkoako eskualdeen argazki ekonomikoa ateratzeko xedea duen programa. Goierri garaian Uggasa garapen agentziaren laguntza jaso dute. Administratiboki Urola Garaia eskualdea izaki, bertako egoera ekonomikoan argiak eta itzalak seinalatu zituzten atzo saioan parte hartu zuten adituek. Besteak beste, kalitatezko enplegua sortzea eta zahartze tasa altuaren erronka aipatu zituzten.
Orkestra Euskadiko Lehiakortasun Institutuko Aitziber Elola ikertzaileak eskualdearen egoera ekonomikoa irudikatzeko datu ugari eman zituen. Bertako Barne Produktu Gordina biztanleko ez da hain ongi kokatzen Gipuzkoako beste eskualde batzuekin alderatuta. Aitzitik, langabeziatasa batez bestetik behera dago. Lehenengo sektorearen pisua txikia dela esan zuen, %2koa, «eskualde honetan industria dezente suntsitu bada ere, enplegu industrialak garrantzi handia du». Elolak azpimarra egin zion zerbitzuen sektorean beste enpresei zerbitzuak eskaintzen dizkieten ingeniaritza edo aholkularitza enpresei, «Goierrirekin behea alderatuta nahiko altua da».
Lehiakortasunari traba egin ahal diote biztanlearia datuek. Goierri garaian 16 urtez beherako bakoitzeko 1,7 bizilagun dago 65 urtetik gorakoa. Atzerritar kopuruari erreparatuta, Gipuzkoako baxuenetakoa dela esan zuen Elolak. Hezkuntza mailan itzalak daude, lanbide heziketa edo unibertsitate ikasketak dituztenen datua «ez da oso positiboa eta kopuru horiek nola hobetu aztertu behar da».
Argazkia sektoreka
Urretxuko inkubategian grabatu dute saioa.
Legazpiko BST Roods enpresako Aitor Andresek hirugarren sektorean, automobilen arloan, duten eskarmentuaz hitz egin zuen eta produktu propioaren alde baino, produktu bereziaren alde egin zuen. «Hartzen diren erabaki estrategikoetan dago gakoa, gure sektorean ez dut etorkizun txarrik ikusten».
Garikoitz Aiestak Bertatik Bertara egitasmoari buruz hitz egin zuen eta, bide batez, lehenengo zein hirugarren sektoreak hartu zituen hizpide. «Lehenengo sektorea gainbeheran dago, baina gazteak gogotsu ikusten ditugu. Hirugarren sektorea nahiko indartsu ikusten dut». Eskoletako jangelak ez zituen aipatu gabe utzi, izan ere, etorkizunerako aukera bat sumatzen du eskoletatik honezkero jasotzen ari diren bertako produktuen eskarian.
Soziosanitarioa eta Bertatik Bertara, arlo estrategikoak
Itziar Salaberriak Urola Garaiko garapen agentzian (Uggasa) egiten ari direnaren berri eman zuen. «Krisitik ateratzen ari ginela Arcelor-Mittalen itxiera gertatu zen eta lanpostu galera areagotu zuen. Industria lanpostuak berreskuratzeko ahaleginean ari gara».
Bi arlo estrategiko dituzte: soziosanitarioa eta Bertatik Bertara egitasmoarekin lehenengo sektorea. Aurten Plan Estrategiko berri bat martxan jarri dute, helburua «kalitatezko enplegua sortzea» dela.