Udaletxea hornitzen ari dira. Kontribuzioak Ezkioko Udala izenburuarekin bidalita ere, Itsasoko Udalak dagokiona jasoko du. Udalaren webgunearen diseinuan ari dira
Aurreko urtarrilean Itsaso bere aginte makilaren jabe egin zenetik, geratu gabe ari dira, poliki-poliki, Itsasok beste edozein herrik dituen baliabideak eta zerbitzuak izan ditzan.
Martxoaren hasieran Itsaso desanexionatzeko prozedura baliogabetu zuen Espainiako Gobernuak gutxieneko kopurua 5.000 biztanle zela argudiatuta. Itsasoko Udalak ez du oraindik Tokiko Entitate Erregistroan inskribatzeko egindako eskaeraren erantzunik jaso. Aitzitik, uztailaren 18a baino lehen epaitegien erantzuna jasoko dute. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak aldeko zuhurtasunezko zigorra egiteko eskaera egin zion epaitegiari.
Foru funtsari dagokionez, urteko lehenengo hiruhilekoaren dirusarrera elkarrekin egin zuten Ezkiok eta Itsasok, baina bigarrena bakoitzak bere kabuz egin du. Aldundiarentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat Itsaso udalerria da jada, baina Ogasunaren izapideetarako Espainiako estatuko zenbakia behar da eta oraindik ez daukate. Hori dela eta, itsasoarrek kontribuzioaren erreziboetan Ezkioko Udalaren izena ikusiko dute. Edonola ere, praktikan Itsasoko Udalak zerga bilketan dagokion zatia jasoko du.
Udaletxea hornitzen ari dira Itsason. Hain zuzen, fotokopiak egiteko gailua, ordenagailua, apalak eta mahaiak jarri dituzte udaletxean. Internet sarea jartzeko aukerak aztertzen ari dira.
Webgunearen diseinuan ere ari dira. Gardentasuna printzipiotzat dute eta haren bidetik doa webguneari lotuta egiten ari diren lanketa.
Hirigintza lanak
Itsasoko elkarterako sarrera arrapala, Joxemari Narraspe udal langileak egingo du ekai-nean zehar. Alegiako txatartegiko kutsadura garbitu dute jabeek, jaurlaritzak oniritzia eman du jada eta handik ireki dute bidegorria.
Udalak diru eskaerak egin ditu baserri bideak konpontzeko nahiz Goiko Ostatuaren egitura aztertzeko. Eta eskatzekoa da Alegiako parkea nahiz udaletxeko teilatua zein sarrera berritzeko diru laguntzak. Elizako erretaula zaharberritzeko finantziazioa ere eskatzekoak dira.
Itsasoko agiritegi historikoaren zati bat eraman dute honezkero udaletxera, baina denbora beharko dute antolatzeko eta guztia eramateko.
Ekaina Itsason
Musika kontzertua, San Joan bezpera eta dantza, erratz, xaboi nahiz ukendu tailerrak egingo dituzte. Ekaina bukae eta uztailaren hasierarako udaleku artistikoak ere antolatuko dituzte.
Dagoeneko egin dute Itsasoko etxe guztien telefono zenbakien zerrenda, baina banatu aurretik zuzen dagoela frogatu nahi dute.