Jose Francisco Benitez ‘Txisko’: «Nire ametsa herri txiki bateko upategi batean lan egitea zen»
Benitezen (Zumarraga, 1977) ametsa upategi batean lan egitea zen eta bere ametsa betetzea lortu du. Orioko Katxiña txakolindegiko jatetxean lan egiten du. Nolatan sukaldari? Umetatik oso argi eduki dut sukaldari
Benitezen (Zumarraga, 1977) ametsa upategi batean lan egitea zen eta bere ametsa betetzea lortu du. Orioko Katxiña txakolindegiko jatetxean lan egiten du.
Nolatan sukaldari?
Umetatik oso argi eduki dut sukaldari izan nahi nuela. Amak harategi txiki bat eduki zuen Eitzan eta aitak ere etxetik kanpo lan egiten zuen. Etxean lagundu beharra genuen eta ni sukaldeko lanaz arduratzen nintzen. La Salle-Legazpi ikastetxean Mekanika ikasten hasi nintzen, baina berehala konturatu nintzen nire bokazioa sukaldaritza zela. Donostiara joan nahi nuen ikastera, baina ez zegoen denontzat tokirik. Nire izebak Jose Juan Castillo ezagutzen zuen eta beregana eraman ninduen. Castillok galdera batzuk egin zizkidan eta sukaldaritza maite nuela ikusi zuenean, eskolan sartu ninduen.
Non lan egin duzu?
Almerian, Katalunian, Madrilen… lan egin dut. Zumarragako Alkartetxean ere zortzi urte eman nituen. Baina nire ametsa herri txiki bateko upategi batean lan egitea zen. Nafarroara edo Errioxara joan nahi nuen. Ez nintzen konturatzen Gipuzkoan ere upategiak ditugula.
Nola heldu zinen Katxiñara?
Katxiña erretegikoek txakolindegi bat ireki behar zutela esan zidaten, jatetxe eta guzti. Hasieran ezetz esan nien, master bat egiten ari bainintzen. Katxiñatik hainbat sukaldari pasa ziren, baina ez ziren gelditu. Masterra egin nuenean deitu egin nien eta lana eman zidaten.
Zer eskaintzen duzue?
Beheko solairuan jatetxe arrunta dugu eta goian ospakizunetarako jangela dugu. Ospakizunetaz Divinus catering enpresa arduratzen da. Asteburu honetatik aurrera, gu arduratuko gara ospakizunetaz ere. Poliki-poliki ari gara. Oso egitasmo ederra da. Katxiñako aita, Joxe Migel Zendoia, mutrikuarra da eta umetan txakolina egiten zuen aitarekin eta aitonarekin. Oriora ezkondu zen eta bere ametsa txakolina egitea zen. Mahasti txiki bat erosi zuen eta erretegian probak egiten zituen. Azkenean, upategi bat irekitzea erabaki zuen. Zerotik hasi da eta zazpi urte eman ditu lanean, Iñaki eta Izaskun seme-alabekin. Alaba kudeaketaz arduratzen da eta semea parrilaz. Ni sukaldari burua naiz.
Zer diozu zuen kartaz?
Hasierako gisa itsasoko produktuak eskaintzen ditugu: antxoak, mendrezka… Bestalde, parrila oso garrantzitsua da. Arrainak eta txuletak erretzen ditugu. Postreei dagokionez, batzuk txakolinarekin egiten ditugu. Hasierako batzuk ere txakolinarekin egiten ditugu eta parrila hasierakoak egiteko erabiltzeko ere lan egiten ari gara. Nire sukaldaritza modernoa da eta Iñakik betiko sukaldaritza egiten du. Gure asmoa biak uztartzea da.
Gustura al zaude?
Oso gustura. Hau familia bat da. Nire ametsa upategi batean lan egitea zen, baina espero baino gusturago nago. Izan ere, nagusiek familiakoa sentiarazten naute.
Zer du berezia upategi bateko jatetxean lan egiteak?
Ni sukaldaria naiz eta nire xedea kozinatzea zen. Baina ardoa beti ondoan dugu eta pixkanaka ardo munduan sartu nintzen. Banatzaileek upategietara eramaten ninduten eta bertan jatetxe txiki bat jartzea sekulakoa izango litzatekeela pentsatzen nuen beti. Bodegatan hori egiten hasi ziren eta nire ametsa ez zela tontakeria konturatu nintzen. Gure ardoarekin, txakolinarekin, lan egiteko aukera edukitzea sekulakoa iruditzen zait.
Bodegak paraje ederretan egoten dira eta bezeroek ardoa nola egiten den ikusteko aukera edukitzen dute. Balio gehitua dute, alegia.
Hala da. Upategi hau lehenengo aldiz ikusi nuenean, aurrera ez egiteko oso gaizki egin behar genuela esan nien.
Nola moldatzen da barrualdeko bat kostaldean?
Primeran moldatu naiz. Gainera, upategitik mendia besterik ez dut ikusten.
Eitzako jaietan sukaldaritza saio bat gidatu zenuen.
Oso harro nago eitzatarra izateaz. Euskal Herriko bista politena Eitzako errotondatik ikusten dena da: Aralar, Ezkio… Jai batzordeko kidea izan nintzen eta baita Irrika elkarteko bazkidea ere. Kanpora joan nintzenean bazkide izateari utzi nion, baina badakit Irrikako ateak beti zabalik izango ditudala. Eta beraiek badakite beti laguntzeko prest izango nautela. Santa Isabel eguna ere asko maite dut. Ahal dudan guztietan joaten naiz.