Buztina eskuetan
Maite Salutregi eta Jone Urain Debabarrenetik Itsasora bizitzera etorri zirela 25 urte dira. Bertan bizitzen jarri eta Pott zeramika tailerra ireki ...
Maite Salutregi eta Jone Urain Debabarrenetik Itsasora bizitzera etorri zirela 25 urte dira. Bertan bizitzen jarri eta Pott zeramika tailerra ireki zuteneko urtemuga da aurten. Orain Internet bidezko denda sortzen ari dira.
Pott zeramika tailerreko arimak dira Maite Salutregi (Eibar, 1963) eta Jone Urain (Mendaro, 1967). 25 urte dira Itsason zeramikagintzan ari direla eta itsasoarrekin ospatu zuten maiatzean, Katilu Eguna 35 bat lagunekin partekatuz. Katilua edo dena delako pieza egiteko aukera izan zuten bertaratuek, hasi eta bukatu.
Itsasora ez ziren zoriak eramanda iritsi. Salutregiren amak bertan zuen baserria eta hangoak dira naturarekin haurretan errotu zituen harremanak.
Debako Arte eta Eskulangintza eskolan ezagutu zuten elkar. Salutregi «txiripaz» iritsi zen zeramikara, eta te-ontzi baten irudia ikusi ondoren Urain. «Tea sekula edan gabe nengoen, baina halakoak egin nahi nituela jakin nuen». Deban harrapatu zituen zeramikak, eta handik Manisesera (Valentzia, Herrialde Katalanak) joan ziren ikasketekin jarraitzera. Ordurako biek ilusio berbera zuten: zeramika tailer bat sortzea. Sortu zuten. Itsasoko eskola zaharrean ireki zuten lehenengo tailerra.
Biek ala biek ez daukate Itsaso saltzeko. «Herriak asko eman digu eta gu beti saiatu gara emandakoa itzultzen», dio Salutregik. Hortik, besteak beste, Katilu Eguna.
Zeramika Euskal Herrian
Pasioz hitz egiten dute biek zeramikari buruz. Munduari begiratzeko era bat da haientzat. Ikasketekin, sormenarekin eta urteen eskarmentuarekin trebatu dute euren jarduna. Esateko daukatena zeramikaren bitartez esaten dute. Izan ere, diotenez, zeramikak kontatzeko dohaina izan du betidanik. «Gizakion historia zeramika lanetan irakur daiteke. Zeramikak kontatu digu, esate baterako, nola janzten ziren edota zertan jarduten ziren gure aurrekoak. Gaur egun, herri baten sentsibilitatea bere zeramikan islatzen da», adierazi du Salutregik.
Espainian zeramikak zeresan handia izan du lurralde gehienetan, eta dekorazio gisa jorratu da. Euskal Herrian, aldiz, zeramika piezak erabilgarritasunari lotu dira historian zehar, Salutregik dioenez: «Gure izaerarekin bat dator, euskaldunok ez dugu zeramika era horretan lantzeko beharrik sentitu. Hemen beste elementu batzuk landu dira gehiago: egurra, harria, burdina…».
«Gizakion historia zeramika lanetan irakur daiteke: nola janzten ziren, zer egiten zuten» Maite Salutregi.
«Tea sekula edan gabe nengoen, te-ontzi bat ikusi, eta halako bat egin nahi izan nuen» Jone Urain.
Euskal izaera hori islatzen da Pott-ekoen lanetan. Pieza xumeak eta soilak ateratzen dituzte labetik. Kolore eztandarik izan dute euren ibilbidean, baina ohikoenak lurrari hartutako koloreak dira, dirdirarik gabeak, mateak. Pieza bakoitza eskuz eginda dago, lurraren, eskuen eta suaren batuketak ematen duen magiarekin. Emaitza ederra da. Ederra ikusteko, ederra erabiltzeko eta ederra ukitzeko.
Pieza erabilgarrietan zentratuta daude orain, baina lan artistikoak ere egiten dituzte elkarrekin zein banaka. Goiart Arte Plastikoen Sariketan, Ordizian, saria jaso zuen iaz Salutregik. Zeramikaren magia lehenengo egunean bezalaxe bizi dute bi artistek. Hasteko egin nahi duten pieza buruan irudikatu, paperean ondoren, eskuekin landu, lehortzen utzi, esmaltatu labetik zein kolore aterako den zehatz-mehatz jakin gabe, eta labera sartu.
Labearen atea irekitzeko unea iristen denean emaitza zein den ikusteko ilusioa ez dute galdu. Labea berez da edukiontzi magiko bat Pott-eko estudioan. Elkarrizketan zehar pieza bat atera dute, oraindik epel dago, izango denaren lehenengo lagina da; eskuetan, buztinaren epeltasuna lurrazalaren oihartzuna da.
Eskolak eta denda
Pott-ekoek hasieratik eman dituzte eskolak. Itsasoko lehenengo tailerra ireki zutenetik trukean eskolak emateko konpromisoa hartu zuten. Haurrekin zein helduekin aritzen dira. Haurren sormen gaitasuna laudatu dute. «Zortzi urtetik gorako adina da egokiena, ahalmen ikaragarria daukate», esan du Urainek, eta Salutregik gehitu: «Autoestimua, sormena, eskuekin lan egin eta helburuak lortzeko aukera ematen die». Goierri osoan eurekin aritu diren umeen etxeetako apaletan bakoitzak bere eskuekin egindako baleak, saguak edo harrak daude —ume horietako asko kozkortu dira jada–. Orain, Salutregik, asteazken arratsaldero eta ordutegi finkorik gabe, helduei estudioa irekitzen die zeramikan aritzen ikasteko.
Pott-ekoen produkzioa ez da oso handia. Enkarguak jasotzen dituzte eta erantzun ere. Krisiak ere ukitu ditu. Eutsi egin diote halere. Eutsi, besteak beste, egiten duten horretan sinesten dutelako. Azken aldian Internet bidezko salmentari bultzada eman nahian dabiltza eta on-line denda bat sortzen ari dira: pottkeramika.com.
Katiluak, horren kuttunak dituzten ardi latxak, belar-metak, sortu berri duten Itsaso eta Marraza izeneko baxerak; marrazak garai batean idiei jartzen zitzaizkien estalkiak dira, baserri bakoitzak berea zuen, eta baxerak marraza haien marrak eta laukiak gogora ekartzen ditu, zeramikak nortzuk garen eta nongoak garen kontatzeko ahalmena duelako.