Kadete mailako partida irabazi zuten Ataungo pilotariek. // Argazkiak: Xabier Aldalur / Uztarria
Arerio gogorra zuten parean, eta hirutik garaipen bat lortzea ez da gutxi. Baina hala ere, Azpeitiako emaitzari buelta eman beharko dio Ataunek etxean, Herriarteko Txapelketako finalean izan nahi badu behintzat. 2-1 nagusitu ziren etxekoak; ataundarrek gazteenen mailan irabazi zuten; jubeniletan eta senior mailan ordea, galdu.
Ostiral gauean jokatu zuten final aurrekoetako joaneko kanporaketa Azpeitiako Frontoi Txikian. Zale ugari bildu ziren han, eta presio handia egin zuten etxekoen alde. Aurreneko partidan indartsu atera ziren Eneko Imazek gidatutako ataundarrak. Gazteenen mailan, Jon Ander Senar eta Josu Etxeberriak sekulako erakustaldia eman zuten, etxeko bikoteari 7-22 irabazita. Jubeniletan berriz, Gorka Iriarte eta Jon Alberdi etxeko pilotariak izan ziren jaun eta jabe, eta 22-1 irabazi zuten.
Kanporaketa bana berdinduta zela, gaueko partidarik bizi eta lehiatuena iritsi zen, senior mailakoa. Bi bikoteak maila handian aritu ziren, baina azkenean Etxaniz eta Murgiondo azpeitiarrek 22-16 irabazi zieten Iraitz Zubizarreta eta Ibai Arratibel ataundarrei.
Hirutik bi garaipen lortu eta tanteoan duten aldea hobetu beharko dute ataundarrek, kanporaketa beraien alde jartzeko. Bueltakoa ostiral honetan jokatuko dute, Ataungo Auzoeta kiroldegian.