Bilboko Artzain Gazta Lehiaketa irabazi du Joseba Insausti ordiziarrak
Joseba Insausti artzain ordiziarrak beste titulu bat gehitu dio bere palmaresari, asteburuan, Bilbo Hiria 14. Artzain Gazta Lehiaketa irabazi baitu. Bilboko Plaza Barrian egin zuten lehiaketa larunbatean, eta 27 gaztagilek parte hartu zuten. Insaustik jaso zuen sari nagusia, eta bera mendian lanean ari denez, aita joan zen saria jasotzera. Bigarren Markinako Santa Mañe gaztandegia gelditu zen (Bizkaiko saria ere jaso zuen) eta hirugarren Aiako Jose Luis Odriozola.
Gazta denboraldiko lehen lehiaketa izaten da Bilbokoa, eta Ordiziakoaren eta Gernikakoaren aldean berriagoa bada ere, azken urtetan garrantzia hartzen ari da. Bilboko alde zaharreko merkatariek, Artzai Gazta elkarteak eta Idiazabal jatorri izendapenak antolatzen dute. Epaimahaikoan, jatorri izendapeneko kideekin batera, hainbat kritiko gastronomiko, ordezkari instituzional eta Bilboko merkatariak izan dira.