Artoa oinarri hartuta, hainbat herrialdetako jakiak eta errezetak probatzeko aukera izan da, Ormaiztegiko Kultur arteko Gastro-Azokan
Kultur ekitaldiz betetako hilabetea izaten ari da ekaina Ormaiztegin. Ekitaldien artean, herrian bizi diren jatorri ezberdinetako herritarren arteko elkar ezagutza ere bultzatu nahi izan dute. Hala, Zumalakarregi Museoak eta Udalak bultzatuta, Kultur arteko Gastro-Azoka egin zuten igandean. Artoa oinarri hartuta, hainbat herrialdetako jakiak eta betiko errezetak ezagutzeko aukera izan zuten herritarrek.
Ormaiztegin 25 herrialde ezberdinetako jendea bizi dela azaldu zuten antolatzaileek, azokaren aurkezpenean. Horietatik 10 bat herrialdetako jakiak probatzeko aukera izan zen igandean. Besteak beste, Bolivia, Kolonbia, Dominikar Errepublika, Portugal, Maroko, Aljeria, Ingalaterra eta Euskal Herriko errezetak dastatu ahal izan ziren. Ramadanaren ospakizuna dela eta, Marokoarrek eta aljeriarrek ez zuten jakirik eraman, baina azoka horretan parte hartu nahi izan zuten; hennazko tatuajeak egin eta hango arropak eta objektuak ikusgai jarri zituzten beraien postuetan.