Ahanzturari konjurua
Ezpata-dantzaren jatorriaren gaineko teoria asko daude, hari asko mataza berberetik eratorriak. Hari horietako bati heldu dio Antxiñe Mendizabal idazleak (Zumarraga, 1968) Josu ...
Ezpata-dantzaren jatorriaren gaineko teoria asko daude, hari asko mataza berberetik eratorriak. Hari horietako bati heldu dio Antxiñe Mendizabal idazleak (Zumarraga, 1968) Josu Maroto (Urretxu, 1975) margolariarekin batera Zumarragako ezpata-dantza, magia dantza liburuan. Hain zuzen, Jose Antonio Urbeltz folkloristak urteetan garatutako hipotesiaren alde egin du. Hipotesi horren arabera, ezpata-dantza ez da gerra dantza bat, elkarbizitza errazteko dantza bat baizik.
Elkarbizitza ezpata artean? Ezinezkoa dirudi. Magia dago tartean, baina, eta ezpatak ez dira horren ezpata. Urbeltzek folklore erritoak adierazpen poetiko gisa irakurtzen ditu, areago, gaur arte iraun duten dantzen arrastoak pentsamendu arkaikoaren eta magikoaren barrenean sortutako erritualtzat hartzen ditu. Ezpata-dantza, horrenbestez, magia da.
Nolatan magia? Zientziak eta teknologiak baliabiderik eta erantzunik eskaintzen ez zuten garaietan, biziraupena eragozten zuten hainbat gaitzei aurre egiteko erreminta magia zen.
Gipuzkoa izenak ihiz betetako putzua esan nahi du, intsektuetarako hezegune aproposa
Nekazariek konjuruak asmatzen zituzten intsektuen kalapita uxatzeko, tartean dantza hau
Noiztik ezpata-dantza? Neolitoan kokatu ditu lehenengo aztarnak Urbeltzek, hau da, nekazari mundua abiatu zenean. Orduan, intsektuekiko mendekotasuna handia zen uztak hondatzeko gaitasuna zutelako, baita abereei zein gizakiei gaixotasunak kutsatzen zizkietelako ere.
Zer da Gipuzkoa? Ipuscua leku izenak ihi-putz-koa –ihiz betetako putzuak– esan nahi du eta intsektuek halako hezeguneak bereziki gustukoak dituzte. Antzinako nekazari haiek intsektuen kalapita uxatzeko konjuruak asmatzen zituzten eta ezpata-dantzak halako konjuru bat irudikatzen du.
Ezpatak ezparak dira
Ez al dira ezpatak? Ez, ez dira ezpatak hastapenetan dantzariek eskuetan zeramatzatenak. Ezpata-dantzariek intsektua bera irudikatzen dute eta eskuetan daramatzaten sastakaietan eta egiten dituen mugimenduetan datza intsektuen alegoria. Izan ere, Urbeltzen teorien arabera, ezpata-dantza hitzaren oinarrian ezpara-dantza dago eta ezparak ezpateuliak, mandeuliak eta iteuliak arbasoak horrenbeste beldurtzen zituzten pizti txikiak dira.
Elkarbizitza nola? Urtero errepikatzen da neolitiko garaitik intsektuak uxatzeko ezpata-dantza erritoa. Zumarragan uztailaren 2an egiten da, Santa Isabel egunean. Uda betean. Izan ere, udako berotasunak erruz ugaritzen ditu intsektuak. Konjuruak piztien eta gizakien arteko hitzarmen antzeko bat irudikatzen du elkarren arteko eremuak errespetatzeko. Konjuruak intsektuak erreka ertzeetara itzularaziko ditu.
Aurreko lerro guztiak Mendizabalek Zumarragako ezpata-dantza, magia dantza liburuaren hitzaurrean emandakoak dira. Ondotik dator fikzioa, historia, irudimena eta zientziak uztartuta osatu duen ipuina. Hitzaurreak amuarena egiten du, hurrengo orriek biltzen duten kontakizuna irakurtzeko gogoa zinez pizten baitu.
Liburua Irrintzi dantza taldearen eta Antxiñako Ama txistulari taldearen 50. urteurrenaren harira Mendizabali egindako enkargua da. Behin enkargua jasota ilustrazioak egingo zituen bidelagun bat bilatzen jarrita, Josu Marotoren konplizitatea aurkitu zuen. Zinez erantzun diote biek Zumarragako bi taldeok egindako gonbiteari.
Liburua Zumarragako Udalak argitaratu du eta bertako liburu dendetan, kultur etxean eta Antioko Interpretazio Zentroan salgai jarri dute 14 euroan.
Ezpaten dantza elkarbizitza errazteko errito poetiko gisa ikusteko aukera ematen du eta metafora horrekin ehundu dituzte hitzak nahiz ilustrazioak iraganaren ahanzturaren aurkako konjuru bat izan daitezkeenaren esperoan.