Euskal Herria plazan egingo dute, 12 urtetik gorako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute , txistulariek ‘Tranka-tranka’ doinua joko dute
Legazpiko Udalak, aurten ere, biharko Oilar jokoan parte hartzeko deia egin du. Jokoa 19:00etan izango da Euskal Herria plazan eta 12 urtetik gorako neska-mutilek parte hartu ahalko dute minutu batzuk lehenago bertan agertuz gero.
Plazan soken bitartez zedarrituko dute parte hartzaileek egin beharreko bidea. Garai batean, korridore horretatik ateratzen zirenak jokotik kanporatzen zituzten; izan ere, jokalariek begien gainean zapia daramate eta lana itsumustuka egin behar dute. Oilarra kaiola batean jarriko dute, haraino iritsi, eta oilarraren inguruan zirkulu bat marraztu behar dute eskuetan daramaten ezpatarekin. Lana betetzen duenak irabaziko du jokoa eta 20 euroko saria jaso ere.
Garai bateko Korpus Zortzigarreneko jaiaren harira egiten ziren ospakizunetatik geratzen den ekintza bakarra da. Jokoaren jatorria ez da argia eta teoria ezberdinak daude. Zenbaiten arabera, Lekeitioko (Bizkaia) Antzara jokoa bezala, Europako beste herrialdeetatik Euskal Herrira iritsitako jokoa da XVIII. mende bueltan. Beste batzuen arabera, gisa honetako jokoak egiten ziren jada Euskal Herrian. Edozein modutan XVIII. eta XIX. mendeetan zeharo hedatutako jokoa desagertu egin da kasik plazetatik. Legazpi ohiturari eutsi dion herri bakarretakoa da.
Oilarra bizirik
Iraganean oilarraren burua kaiolatik kanpo uzten zuten eta jokoan irabazle suertatzeko ez zen nahikoa zirkulua marraztea, oilarrari burua moztu behar zion irabazleak eta saria oilarra bera zen. Gerora, ohitura aldatu zen eta oilarraren bizirik ateratzeko eskubidea errespetatu zuten Legazpin.
Goiz Deiako txistulariek rol berezia jokatuko dute gaurkoan. Izan ere, gaurko egunez soilik jotzen duten Tranka-tranka doinua joko dute gaur. Ikusleek jokalariak gidatzen saiatuko dira sigi-sagan egin beharreko bidea zein den adierazita eta txistulariek doinuekin nahastu egingo dituzte.