Antzizar kiroldegiko zuzendaritzak dio grebak erabiltzaileak kaltetzen dituela
Antzizar kiroldegiko langileek hilaren 26, 27 eta 29rako egin duten greba deialdia dela eta, kiroldegia kudeatzen duen Masquatro enpresak oharra argitaratu du. Bertan diote ez datozela bat “greba egiteko eman diren arrazoiekin”, eta deialdi horrek “erabiltzaileak kaltetzen” dituela.
Lan hitzarmenaren negoziazioa nola izan den azaldu du zuzendaritzak. Indarrean zegoen lan ituna 2016ko abenduaren 31n bukatu ondoren, apirilaren 26an zuzendaritzak langileekin bilera egin zuen. Bilera hartan, “instalazioaren zerbitzuen bilakaera, egindako hobekuntzak eta bere defizit ekonomikoa” azaldu zieten langileei. Maiatzaren 8an, langileen ordezkari sindikalekin bildu ziren, eta bertan “hainbat hobekuntza sozial adostu” ziren. Zuzendaritzaren arabera, “langileen ordezkariek egindako soldaten igoeraren aurrean, beste igoera eskaintza bat” egin zitzaien, “aurkeztutako igoera bideragarri egiteko erabiltzaileen kuotak nabarmenki igo” beharko liratekeela ikusita. Gai horren inguruan beste eskaerarik ez dutela jaso dio Masquatrok, eta langileen ordezkariek, “bestelako bilerarik gabe greba deialdia” egin dutela.
Udarako kontratatu duten udaleku zerbitzuaren inguruan, Antzizar kiroldegiak ez duela zerbitzu hori garatzeko derrigortasunik gogorarazi dute, eta “azken urteetan haurren partaidetzak jasangadako beherakadaren ondorioz” erabaki zela zerbitzu hori bideratzea, “esparru honetan bereziki eskarmentua duen enpresa baten bitartez”. Erabaki horrek, “Antzizar kiroldegiko langilegoaren baldintzetan ez du inola ere eragiten” zuzendaritzaren ustez, eta gainera, “inguruko beste pertsonentzako lana” eskaintzen duela gehitu dute.
Greba deialdiak erabiltzaileei eragin diezaieken kalteak “penatu” egiten dituela diote, eta jakinarazi dute iradokizunak egiteko orriak eskuragarri izango direla kiroldegiko harrera gunean.