Zientzien arloan Ikergazte saria jaso du Irati Romero biologo ordiziarrak, eritasun zeliakoaren genoma aztertuz egin duen ikerketagatik. Metodo berritzaileak erabili ditu horretarako.
Irati Romero (Ordizia, 1990) biologo gazteak Ikergazte saria jaso du zientzia arloan,
Elementu erregulatzaileen identifikazioa eritasun zeliakoan genoma osoko koadierazpen analisi bidez izeneko ikerketari esker. Mota honetako ikerketak gaixotasunetan garrantzitsuak diren elementu erregulatzaileak identifikatzeko erabilgarriak izan daitezkeela erakutsi ahal izan du, bere lantaldearekin batera egindako lanari esker.
Biologian lizentziaduna zara, baina zein da orain arte zure ibilbidea?
Euskal Herriko Unibertsitatean egin nuen Biologiako lizentziatura. Karrerako laugarren mailan, Erasmus egonaldi bat egiteko aukera izan nuen eta Pragan (Txekiar Errepublika) pasatu nuen urte bete. Bertan ingelesez ematen nituen eskolak, baina ikasgai gehienak txekiarrez ziren. Hori zela eta, ikasgai horiek laborategiko lan orduen truke ordezkatzea lortu nuen. Hori izan zen nire lehenengo esperientzia ikerketa arloan. Ekologiako laborategi batean Daphnia izeneko krustazeo planktoniko batzuekin ikerketa genetikoak egiten hasi nintzen.
Euskal Herrira bueltatu eta karrerako azken urtea burutzen nuen bitartean, laborategi ba-tean lanean jarraitu nahi nuela pentsatu nuen eta genetikako departamentuan sartu nintzen, barne ikasle modura. Genetika gustoko nuenez, Biologia Molekularra eta Biomedikuntza masterra egin nuen EHUn. Gaur egun, doktoretza tesia egiten ari naiz gaixotasun zeliakoaren genetika arloan.
Zergatik aukeratu duzu gaixotasun zeliakoen gaia ikerketa egiteko?
Genetika gustuko nuenez, tesia egiteko genetika lantzen zuten talde desberdinak bilatzen aritu nintzen. Zenbait aukera eta elkarrizketen ostean, gaixotasun zeliakoa aztertzen zuen talde bat gustatu zitzaidan eta hortxe sartu nintzen.
Behin taldean egonda, esperimentu bioinformatikoen eta gaur egun modu librean eskuragarri dagoen informazio genomikoaren erabilgarritasunak erakarri ninduen. Nire tesia ere norabide horretan doa; eskuratutako informazioa beste ikuspuntu batetik begiratzen saiatu eta erreminta bioinformatikoez baliatuz, mekanismo eta kandidatu terapeutiko berriak identifikatzen ditugu.
Zertan datza ikerketa?
2004. urtean, gure laborategian esperimentu handi batzuk egin eta aztertu ziren, eta emaitzak nazioarteko aldizkarietan argitaratu ziren. Orain, nire lana emaitza horiek beste ikuspuntu batetik berraztertzea izan da. Orain arteko ikerketa asko gene indibidualetan egindako analisietan oinarritu dira. Gure ideia ordea bestelakoa da, eszenatoki konplexuago bat iradokitzen dugu, eta zenbait gene multzoren koordinazio aldaketak eta horien erantzuleak aztertu nahi izan ditugu gaixotasunean.
Eta zer da lortu nahi duzuena?
Modu original batean gaixotasunean erabakigarriak izan daitezkeen molekulak identifikatzea da gure helburua. Izan ere, gaixotasun zeliakoaren oinarri genetikoaren %50 inguru besterik ez da ezagutzen. Lan asko dago aurretik! Eta metodo originalak erabili behar dira falta den %50a lortzeko.
Zeintzuk dira erabilitako material eta metodoak?
Oso teknikoak dira, baina modu ulergarri batean egiteko, erabiltzen den materialik garrantzitsuena lagina da, hau da, ikertzen den materiala. Gure kasuan Gurutzetako mediku talde batekin aritzen gara elkarlanean eta asteartero kirofanoan biopsietarako hartzen diren heste zati-txoetatik prestatzen dugu gure materiala: gaixoen material genetikoa. Derrigorrezko zaigun material hori lortzeko, gaixo eta familien baimena beharrezkoa da. Eskertzekoa da familia horiek ikerketa arlorako egiten duten ekarpena.
Lortutako emaitzei dagokienez zer esan dezakezu?
Gaixotasunean garrantzitsuak izan daitezkeen eragile batzuk identifikatu ditugu. Beraz, jasotako emaitzak positiboak dira. Hala ere horien eragina neurtzeko dago oraindik.
Zein ondorio atera duzu?
Batez ere, emaitza berriak izateko ideia berritzaileak eta ikuspuntu berritzaileak izan behar direla. Betikoa aztertzen badugu, betikoa aurkituko dugu. Kasu honetan, erabili dugun metodologia aproposa izan da, eta aproposa izan daiteke beste gaixotasun batzuetan ere eragileak identifikatzeko.
Etorkizunerako planteatzen den norabidea zein da?
Etorkizunean esperimentu ge-hiago egin nahiko genituzke gure emaitzak ziurtatzeko. Beste proiektu batzuekin ere bagabiltza, hala ere. Tesiko azken urtean horiek itxi nahiko nituzke, eta gero, etortzen dena etortzen dela, ongietorria izango da.