Javier Muñoa zeraindarrak urrezko saria lortu du Roma 2017 gazta sariketan
Roman, Italiako hiriburuan saritu dute Javier Muñoa zeraindarraren Basazabal gazta. Zeraingo gaztandegia familiako gaztandegi txikia da, Artzai Gazta elkarteko kide dena eta Idiazabal jatorri izendapena duena. Roma 2017 lehiaketan, Gaztarik Onenaren Urrezko Saria jaso du, aske dabiltzan ardien esne gordinez egindako gaztaren arloan.
Idiazabal Gaztaren jatorri izendapenaren kontseilu erregulatzaileak Zeraingo gaztandegia zoriondu du, eta bere “harrotasuna” erakutsi du nazioarteko kata eta lehiaketarik entzutetsuenetan izendapeneko gaztak lortzen ari diren sari guztiengatik. Izan ere, sari horiek, artzainek egiten duten “lan onaren, esfortzuaren eta ilusioaren errekonozimendua” dira.