Ezkioko eskolaren bigarren soilairua eta kirol pista inauguratu dituzte
Ezkioko herri eskolak beste pauso bat eman du proiektua sendotzeko bidean. Duela hiru urte jarri zuten martxan, lehengo udaletxea zegoen tokian. Hemendik aurrera, solairu bat gehiago eta kirolerako eta jolaserako instalakuntza berriak izango ditu. Gaur eguerdian egin dute azpiegitura berrien irekiera ekitaldi ofiziala, Ezkioko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak bertan zirela.
Joseba Etxezarreta Ezkioko alkateak azaldu duenez, azpiegitura horiek egiteko 350.000 euroko aurrekontua erabili dute, horietatik zati handi, 205.000 euro, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzen bitartez finantziatu dute. Hala, eskerrak eman nahi izan dizkie bi erakundeetako ordezkariei, “denon artean lortu dugulako herriarentzat horrelako azpiegitura bat izatea, bai eskola, bai kirol pista eta baita jolas parkea ere”. Itsasoko Udalaren izenean joan diren ordezkariei ere harrera egin eta eskerrak eman dizkie.
Ezkiok azken urteetan “nahiko garapen handia” izan duela azaldu du Etxezarretak, eta kanpotik jendea etortzearekin batera, haur gehiago daudela dio, eta “hori da herri baten bizia”. Baina horri guztiari bide emateko, eskola baten beharra ikusten zuten, “eskolarik gabe eta bertako jenderik gabe, ezinezkoa baita benetako herri bat” izatea. Azpiegitura horiei etekina atera eta herria egiten jarraitzeko deia egin die herritarrei.
Zerbitzu eta azpiegituren beharra
Bere aldetik, Iñaki Mendiguren kultur arloko zinegotziak “lurralde orekaren garrantzia” aipatu du, eta “landa garapena eta herri txikien biziraupena” ziurtatu behar direla. “Herri txikiok bizitzeko erakargarri bihurtzea, neurri handi batean herritarron esku dago, guk sortu behar dugulako bizi giro atsegina”. Baina aldi berean, “gutxieneko zerbitzu eta azpiegitura batzuk” behar direla gogoratu du, eta Ezkio herri txikia izanik, hori “gainontzeko gipuzkoarren eta euskaldunen laguntzaz” lortzen dela. Bide horretan, “izugarrizko urratsa” izan zen eskola sortu izana. Eskola “zorionez goraka” doala aipatu du, gero eta ume gehiago daudelako batetik, baina baita zabaltzen ari delako ere; gaur inauguratutako bigarren solairua eta kirol kantxa dira horren adibide.
Kirol azpiegitura horren inguruan, “jolas” egitearen garrantzia aipatu zuen, gaur egun ikuskizuna eta negozioa jartzen baitira jolasaren gainetik; Mendigurenen ustez ordea, “kirolak ez luke sekula galdu behar dimentsio ludiko hori, jolas egiteko lekua” baita. Jolasak, “osasun integrala” lortzeko balio duela esan du, “osasun fisikoa, mentala eta soziala”; izan ere, jolasaren bidez “bilguneak eta topaguneak” sortzen direlako. Hala, gaur zabaldutako gunea “herritarrek topo egin eta topa egiteko” tokia dela azaldu du. Balioak ere zaindu behar direla aipatu du, lehia sanoa bilatuz, genero bereizketa eta bazterkeria saihestuz edota euskararen erabilera bultzatuz.
Irma Basterra Eusko Jaurlaitzako landa garapenerako zuzendariak, “landa guneen alde” lan egiteko helburua dutela azaldu du, “bertako biztanleen ongizatean lagundu eta hobetzeko”. Gaur inauguratutako instalazioek ezkiotarrei “onura eta behar duten aisialdi eta zerbitzuetarako gune bat” eskaintzen diela.