Laiotz Herri Eskolako 5. eta 6. mailako neskak, Gipuzkoako txapeldun izan dira aurten.
San Joan festetan bete-betean sartuta dabiltza segurarrak, baina gaur, kirolak ere tarte berezia hartu du jaien barruan. Batetik, herri kirol saio jendetsua egin dutelako; eta bestetik, Segurako Udalak urtean zehar nabarmendu diren herriko kirolariei omenaldia eta aitortza egin dielako.
Plaza jendez beteta zegoela hasi dute ekitaldia. Sebastian Lizaso, Maddalen Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariek sarrerakoak egin eta gero, herriko kirolari eta kirol taldeei oroigarriak banatu dizkiete. Urte oparoa izan da Segurako kirolarientzat, atletismoan, futbolean nahiz bola jokoan titulu eta medaila ugari lortu baitituzte.
Omendutako kirolari segurarrak:
· Irene Svensson. Gipuzkoako taldearekin txapelduna atletismoan, infantil mailan.
· Xepeiño Agirre. Gipuzkoako bolaririk onenaren saria eta Erregularitate Txapelketan Gipuzkoako irabazlea.
· Martzelino Agirre. Bolatan, Gipuzkoako Lehendakari Txapelketaren irabazlea
· Joakin Izagirre, Jokin Izagirre, Martzelino Agirre, Antonio Agirre, Jon Agirre, Imanol Agirre eta Xepeiño Agirre. Gipuzkoako Txapeldunak taldeka, bolatan.
· Irati Xiaoyan. Gimnasia erritmikoan taldeka, Euskadiko eta Gipuzkoako Txapelduna, kadete mailan.
· Julene Campos. Gimnasia erritmikoan taldeka, Gipuzkoako txapeldunak eta Euskadiko hirugarrenak, alebin mailan.
· Laiotz Herri Eskolako 5. eta 6. mailako neskak. Eskola kirolean 8ko futbolean, Gipuzkoako Txapeldunal.
· Eneko Ibañez. Antiguoko futbol taldearekin, Gipuzkoako eta Euskadiko Txapeldunak, infantil mailan.
· Adur Insausti. Antiguoko futbol taldearekin, Gipuzkoako Txapeldunak infantil eta ohorezko mailan.
· Igor Larrea. Compak Sporting eta Rekorriko modalitateetan Euskadiko Txapelduna, Espainiako 3.a eta Europako 6.a, senior mailan.
Aitortzaren ondoren hasi da herri kirol saioa. Aizkoran bikote mixtoak egin dituzte; Iñaki Azurmendi eta Irune Azkue aritu dira alde batetik, eta Donato Larretxea eta Santa Sousa bestetik. Aimar Irigoienek harri jasotze erakustaldia ere egin du tartean. Eneko Saralegik berriz, zutikako enborra ebaki du.