Suak piztu du uda
Urteko gaurik magikoenak, San Joan gauak eman dio ongietorria udako solstizioari. Herriz herri suak piztu eta haren inguruan dantza eta musika izan dituzte lagun. Euskal Herrian kristautasunaren aurreko garaietatik gorde den tradizioetako bat da uda hasierako festarena. Joxemiel Barandiaranen arabera, lurraren elementuak gurtzen zituzten garai bateko euskaldunek, eta horietako erritu bat zen suarena, nekazal giroan belar zaharrak edo iharrak erretzearekin ere lotua egon dena.
San Joan bezperarekin batera, festak dituzte Goierriko hainbat herri eta auzotan. Horietako batzuk dira Segura, Olaberria, Ordiziako Otegi-enea, Legazpiko Telleriarte, Ataungo Arrondo edota Santa Barbarako erromeria, Urretxun.