Lazkao-Boise, Errenteriatik
Euskara hobetzera etorrita, Lazkaon da Josu Bieter estatubatuar euskalduna. Familiaren eta Boise hiriaren tradizioari jarraitzeko, euskal hizkuntza eta kultura oinarri ditu 'Euskal Herri txikian'
«Euskara izan zen nire lehenengo hizkuntza, eta familian asko erabiltzen saiatzen gara, zaila den arren» Josu Bieter Lete (Estatubatuar euskalduna) «Duela 27 urte, hango euskaldunentzat handia zen euskal herritarrak jaialdira joatea; emozioz negar egiten zuten» Josu Iztueta (Bidaiari tolosarra) «Benetako transmisioa egiten dute Boisen. Bihotza jartzen dute, eta haien bizitzaren parte da euskaldun izatea» (Boiseko ikastolan irakasle izana)Josuren birraitonak eta birramonak emigratu zuten AEBetara, Larrabetzutik eta Lekeitiotik, artzain lan egiteko. “Nire aitona Pat Bieterrek ez zeukan loturarik Euskal Herriarekin, ez zen euskalduna, ez zekien bazenik ere. Baina, hala ere, seme-alabak hartu, eta urtebeterako Oñatira etorri zen, euskara ikastera. Nire aitak 18 urte zituen, eta 3. mailako haurrekin jarri zuten eskolan. Orduko lagunekin harremana mantentzen du oraindik”. 1972a zen. Hala, Josuren aitak eta beste hiru osaba-izebek, denek dakite euskaraz. Laugarren belaunaldia ere ari da prestatzen. Maialen arreba zaharragoa (22 urte) Maizpiden egona da. Andoni (17 urte) du anaia gazteagoa. Euskal etxea, jaiak, ikastola Boiseko Euskal Etxea da euskaldunen bilgunea. Jarduera ugari eta askotarikoak garatzen dituzte. Helduen eta haurren dantza taldeak dituzte, frontoia —pilota liga bat sortu nahi dute—, euskara eskolak ematen dituzte… Eta, nola ez, hilero afari bat egiten dute. “Euskal etxeko denak joaten dira. Festak ere edukitzen ditugu. Euskal Herri txiki bat da hura”, aitortu du Bieterrek. Urtean behin, piknika egiten dute, San Ignazio egunean. Bost urtean behin, berriz, jaialdia. Festa erraldoia da. 2015ean izan zen azkena, eta 40.000 bat lagun elkartu ziren. AEBetako euskaldunak biltzen dira, eta Euskal Herritik bost hegazkin joan ziren. Josu Iztueta bidaiari tolosarrak 1990ean ezagutu zuen jaialdia. “Gaur egun, Internetekin komunikazioa badago, baina orduan haientzat handia zen Iñaki Perurena, aizkolariak, dantzariak eta bertsolariak han ikustea. Negar egiten zuten, emozioz”, dio Iztuetak. Bietertarren etxean egona da, eta ustekabean topo egin zuen Josurekin Lazkaon, Maizpidera Biziminez ikuskariarekin joatean. “Guretzat oso garrantzitsua da hemengo jendea Boisera joatea eta gurekin egotea, euskaldun izaten jarraitzeko. Azken jaialdiak indar handia eman zion hango jendeari. ‘Orain euskara ikasiko dut, hurrengo txandan haiekin hitz egingo dut’, zioten bertakoek”. Dantza taldeko kideek Euskal Herrira etortzea erabaki zuten, dantzak ikasteko. “Iaz izan ginen. Eta jarraitzen dugu. Aurrera egiteko indarra ematen digu jaialdiak”, dio Josu Bieterrek. 2020an da hurrena. Lazkaon, Euskal Herria-AEB loturaren beste katebegi batek ere bat egin du: Izarne Garmendia irurarrak. Bi urte igaro zituen Boiseko haur txikien ikastolan, 2000-2001ean, irakasle lanean. Josu ikasle izan zuen, 3 urte zeuzkanean. Lazkaoko San Benito ikastolako irakasle da orain. “Benetako transmisioa egiten dute han. Bihotza jartzen dute, eta euren bizitzaren parte da euskaldun izatea. Josuk gogoa izan du Euskal Herrira etortzeko, eta asko balio du horrek. Sekulakoa izan da gurasoek egindako lana, txalotzekoa”.