Datua «birziklatzearen aldeko konpromiso tinkoaren» adierazle dela adierazi du udalak, eta Legazpik, «1.700 biztanle baino gehiago duten Goierriko herrietatik hondakinen gaikako bilketa-tasa onena» duela gogorarazi dute
![Edukiontzi_grisak_Legazpin](http://goierri.hitza.eus/site/files/2017/06/Edukiontzi_grisak_Legazpin.jpg)
Legazpiko udal gobernuak zabor bilketari buruzko datuak kaleratu ditu. Datu horien arabera, aurten iaz baino 29.000 hondakin gutxiago sortu da Legazpin eta maiatzeko gaikako bilketaren tasak ere gora egin duela diote, hain zuzen, %79 izan da. Datu hauek «birziklatzearen aldeko konpromiso tinkoaren» adierazle direla adierazi dute.
Datuok Sasieta Mankomunitateak emandakoekin bat datozela diote udaletik. Sasietako hondakinen gaikako bilketaren batez besteko tasa totala %74 dela diote eta Legazpikoa %77,3. «Beraz, 1.700 biztanle baino gehiago duten Goierriko herrietatik hondakinen gaikako bilketa-tasa onena du Legazpik».
Datuak xehean
29.000 kilo gutxiago horien datua xehatu dute udaletik. Legazpin 2.500 kilo errefusa gehiago sortu dute, 5.400 kilo ontzi gehiago, 1.170 kilo arropa gehiago eta 53 kilo pila gehiago. Aldiz, 22.400 hondakin organiko gutxiago sortu dute legazpiarrek, 15.000 kilo paper gutxiago, 930 kilo beira gutxiago eta 100 kilo olio gutxiago.
Sasieta Mankomunitateak hobetu egin du aurten udalerri bakoitzak sortutako hondakinen korronteen kuantifikazioa eta hiru zatiki berri sartu ditu: tamaina handiko hondakin birziklagarriak, tamaina handiko hondakin ez birziklagarriak eta inausketako nahiz lorezaintzako hondakinak. Azken zatiki hau ez dute artean datuetan sartu.