Legazpiko Udalak LGTBI kolektiboaren aldeko adierazpena egin du
Adierazpenarekin bat egin dute udalbatza osatzen duten alderdi guztiek
LGTBI kolektiboaren aldeko Adierazpen Instituzionala
EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Irabazi Ganar Legazpi udal taldeen bozeramaileek LGTBI kolektiboaren eskubideak errebindikatzen dituen eta aniztasunetik errespetuaren eta elkarbizitzaren aldeko Adierazpen Instituzionala adostu dute. ADIERAZPEN INSTITUZIONALA Aurten ere, 1969ko ekainaren 28ko goizaldean Stonewall Inn tabernan gertatutakoaren oroimenak bultzatuta, LGTBI kolektiboko kideok beste behin bilduko gara eskubideak errebindikatzeko eta aniztasunetik abiatuta errespetuaren eta bizikidetzaren alde egiteko. Orain arte lortutako guztia ospatu eta oraindik lortzeke daudenak nabarmendu nahi ditugulako egun horretan. Aurten lortu dira zenbait aurrerapen azpimarratuko ditugu jarraian, eta benetan uste dugu jauzi kualitatiboa ekar dezaketela LGTBI pertsona askoren eguneroko errealitatean, besteak beste: · Joan den maiatzaren 4an, FELGTB Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Estatu Federazioak sustatutako LGTBI berdintasunaren aldeko Lege Proiektua erregistratu zen, eta Gorteetan ordezkaritza duten ia alderdi politiko guztien babesa jaso du. Espero dugu legeproiektu hori, oraintxe bertan parlamentu-izapidea hasten ari dena, lehenbailehen errealitate bihur dadin. · Martxoaren 10ean tratu-berdintasunerako eta diskriminazioaren aurkako Lege Integraleko Proposamena aurkeztu zen Diputatuen Kongresuan, eta, gugandik gertuago, Eraberean, eta Tratu Berdintasunaren aldeko eta Diskriminazioaren aurkako Euskal Sarea jarri dira abian, bi ekimen positibo ildo horretan. Baina hala eta guztiz ere aurrera jarraitu behar dugu LGTBI kolektiboko kideoi bizitza zailago egiten diguten traba guztiak salatzen eta agerian jartzen. Maila horretan, honako hauek salatu nahi ditugu: · Agerikoa da nazioarteko espektro zabalean LGTBI kolektiboak giza eskubideen urraketari egin behar diola aurre; izan ere, 70 herrialde baino gehiagoko lege-esparruek sexu-harremanak zigortzen dituzte, eta 11 herrialdetan heriotza-zigorraren aukera ere aintzat hartzen dute arrazoi horrexegatik. Ildo beretik, sexu-joera eta/edo genero-nortasuna tarteko egindako gorroto-delitu ugariak salatzen ditugu, eta egoera hori geldiarazteko neurriak hartzeko eskatzen dugu. · Gure ingurunean diskriminaziozko gertaerak eta/edo hitzezko eraso zein eraso fisikoak ikusten jarraitzen dugu, eta horrek agerian uzten du sexu-aurreiritzi batek indarrean jarraitzen duela; horren arabera, sexualitateen artean hierarkia moduko bat ezartzen da, eta horrelakoak gertatzeko oinarriak finkatzen dira. · Trans kolektiboa patologizatu egin da, eta kolektibo horren premiei beren osotasunean eta generoa askatasunez adierazteko eskubidetik abiatuta helduko dien estatu-lege bateraturik ez dago. · Trans adingabeak espezifikoki aipatuz, zenbait sektore erreakzionario sexua/generoa bizitzeko moduarekin zerikusia duten eskema zaharkituak iraunarazten ahalegintzen dira behin eta berriz, horrela gizarteak alor horretan egindako aurrerapenak bertan behera uzteko. · Oraindik ere familia homoparentalek diskriminaziozko baldintzak pairatzen dituzte laguntza bidezko ugalketako teknikei, adopzioari eta filiazioari dagokienez. Botere publiko, estamentu ofizial eta ikastetxe guztiei eskatzen diegu, halaber, gure kolektiboarentzat gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa lortzea ahalbidetuko duten neurriak har ditzan, eta, ildo horretan, honako eremu hauei ematen diegu lehentasuna:Hezkuntzan sexu eta genero-aniztasuna integratzea, alor horretan ideia berriak sortzen laguntzea, eta sexuorientazioagatiko eta genero nortasunagatiko eskola-jazarpenari aurre egiteko prebentzio-lanaren oinarriak jartzea. · Emakume lesbiana agerian jartzea, haren errealitatea onartzeko eta gizartean legitimatzeko, eta haren eskubideak askatasunez baliatzeko neurriak abian jartzeko eskatzea. · Esparru heteronormatiboaren alternatiba eta aniztasunaren espektro zabalaren parte izanik, legitimitatea eta errespetua behar duten sexualitate guztiak agerian jartzea. · Sarritan alde batera uzten diren biztanle-sektoreak, hala nola hirugarren adineko pertsonak eta/edo dibertsitate funtzionala dutenak, agerian jartzea, eta haien sexu- eta afektibitateaniztasuna bizitzeko eskubidea bermatzea. · GIBaren inguruko eta estigmaren eta diskriminazioaren aurkako Estatu-itun bat onartzea. Premiazkoa da maila horretan abordatze integralak gauzatzea, GIBari bere alderdi guztietan erantzuteko, Gobernuetako, alderdi politikoetako, sindikatuetako eta patronaleko eta GKEetako ordezkariak inplikatuz. Hori horrela, Legazpiko Udalean, 1- LGTBI eskubideen errespetua ziurtatuko duten politikak bultzatuko ditugu, eta LGTBIfobiaren aurka eta lesbo-gay-trans eta bisexualen kolektiboa ikusgarri egiteko borrokatuko gara. 2- Errespetua eta elkarbizitza oinarri izango dituen gizartea lortzeko lan egingo dugu, homofobia, lesbofobia, bifobia eta transfobia desagerrarazteko lan egiten duten pertsona eta eragileekin elkarlanean. 3- Ostadar bandera ezarriko dugu udaletxeko balkoian, kolektiboaren berdintasunerako borrokaren sinbolo gisa, eta, pertsona, elkarte, Gobernuz Kanpoko Erakunde eta botere publikoek, gure gizarteak pertsona guztien giza eskubideak lortzeko bidea egin dezan, egiten duten ahalegina erakutsi. 4- Adostutako espazio publiko ageriko bat prestatuko dugu (murala, zebrabidea, eta abar) eta LGTBI kolektiboaren ikur diren koloreekin margotuko. 5- Herritarrei dei egiten diegu Euskal Herrian eta Estatuan izango diren mobilizazioetara joan daitezen eta parte har dezaten. 6- Adierazpen instituzional hau webgunean argitaratuko da.