Zumalakarregi Museoan ‘Dohaintzak 2014-2017’ erakusketa zabalik dago .Bilduma pribatuetatik jasotako piezak ikusgai daude .Uztailaren 16ra arte ikusi ahal da
Museo batek ezin du aurrera egin obrak nahiz piezak erosteko aurrekontu pisutsurik gabe edo, modu xumeagoan, dohaintzarik gabe. Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak ateak ireki zituenetik dohaintza ugari jaso ditu. Jasotako piezek bilduma pribatutik publikora bidea egin dute museoaren eskutik. Orain, Zumalakarregi Museoan azken hiru urteetan jasotako dohaintzengatik esker ona agertu nahi izan diete emaileei dohaintza horiek guztiak bilduma bakarrera bilduta. Emaitza uztailaren 16ra arte museoan ikusgai jarri duten 2014-2017 Dohaintzak aldi baterako erakusketa da.
Liburu sortak, margoak, grabatuak, eskulturak, argazkiak, objektuak, armak nahiz dokumentazioak osatzen du dohaintza bilduma.
Ikusgai dagoena
Nabarmentzeko modukoa da, Wilhelm von Rahden (1793-1860) idazlea eta militarra izandako alemaniarraren liburu bat. Karlistaldian Euskal Herri inguruan ibilitakoa bera, zazpi lurraldeak ageri diren mapa bat dago Zumalakarregi museoan ikusgai dagoen bere liburuan.
Bigarren Karlistaldian Getarian (Gipuzkoa) botatako obus bat ere badago, ezpata bat ikus daiteke, argazki bitxi ugari eta dokumentu batzuk, zeintzuetan hildakoen zerrendak ere ageri diren.
Lurdes Azpiazu Zumalakarregi Museoko koordinatzaileak dioenez, «erakusketa honen helburu nagusiena dohaintzak museoaren eskuetan jarri dituztenei eskerrak ematea da, bide batez, material hauek guztiak publikoaren esku jartzea izan dugu helburu».
Erakusketa hilaren 17an inauguratu zuten eta asteartetik larunbatera ikusi daiteke 10:00etatik 14:00etara nahiz 16:00etatik 19:00etara. Igandetan ikusgai dago 10:00etatik 14:00etara.
Informazio gehiago biltzeko Zumalakarregira deitu daiteke (943 88 99 00 zenbakira) edo idatzi (mzumalakarregi@gipuzkoa.eus). Izan ere, bilduma bisita gidatuarekin ikusteko aukera ere badago eta bisita gidatu horiek lotzeko aurrez deitu behar da museora.
Emaileak 2014-2017
Besteak beste: Juan Antonio Alaña. Josemari Aleman Amundarain. Tomas Ariza. Jose Bermejo Jalon. Garmendia Lasa sendia. Roman Garrido. Juan Gondra Rezola. Xabier Irujo. Javier Lana. Miren Lazkano. Andre Lebourleux. Juan Jose Mendiola. Pozueta sendia. Urbana Rezabal. Javier Rodriguez. Ramon Rodriguez. Manuel Yurrita. Zugasti sendia.