Lazkaoko Merkataritza Mahaiak frogatu du apirileko kanpainan iaz baino %35 parte-hartze handiagoa izan dela. Ekintzailetza eta auto-enplegua sortzeko jardunaldia egingo dute bihar
Lazkaoko merkataritzaren sasoia neurtzeko bilera egin zuen aurreko astean Lazkaoko Merkataritza Mahaiak. Lazkaon elkarteak, hainbat merkatarik eta udalak osatzen dute. Urteko helburuen betetze maila aztertu zuten, eta azkeneko kanpainaren balorazioa egin. Erosketa bonuen kanpainak, apirilean, iaz baino %35 partaidetza handiagoa izan du. Ekimenean sartu diren komertzioak ere gehitu dira; 59 izan dira aurten, 51 iaz.
Udazkenera begira jarri dira, orain, merkatariak. Aisiaz gozatu Lazkaon kanpaina burutuko dute, eta prestatzen hasi dira. Hiru hilean behin elkartzen da Merkataritza Mahaia.
Singular dendak herrira ekartzea izan du beste ekimen bat. Dendak bereizteko, marka sendotzeko eta norbere eredua sortzeko argibideak eman zituen Merkataritza Federazioak.
Ekintzailetza tailerra bihar
Bestetik, Lazkaoko Udalak ekintzailetzari eta auto-enpleguari buruz jardunaldi bat antolatu du, Goiekirekin eta Lanbiderekin. Bihar 09:00etan hasiko da, udaletxean, eta 3-4 ordu iraungo du. Ignacio Ruiz de Alegriak (Iragest Cogerencia) emango du.
Enpresa berria sortzerakoan kontuan hartu beharreko arloak eta pausoak azalduko ditu. Lazkaotar guztiei zuzendua da; izena eman behar da (943 08 80 80).