Euskal Herria zeharkatuko du Kalera martxak presoen eskubideen alde
Uztailaren 20an Gernikan hasiko da eta 27an Lakuntzara iritsiko da. Zortzi egun horietan hainbat herri zeharkatuko dituzte oinez eta jai giroa izango da nagusi
Kalera Kalera ekimenak antolatuta, preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko martxa egingo da uztailaren 20tik 27ra, Gernikatik (Bizkaia) Lakuntzara (Nafarroa). Zortzi etapatan egingo dute bidea eta Bermeon, Lekeition, Ondarroan, Deban, Getarian, Hernanin eta Ibarran geldialdiak egingo dituzte. Atzo arratsaldean, Ordiziako Oiangu parkean aurkeztu zuten ekimena.
Euskal Herria zeharkatuko duen martxak bi helburu nagusi bete nahi ditu: batetik «gatazkak sortutako euskal errepresaliatu politiko guztiak Euskal Herriko kaleetara gerturatzea» eta, bide batez, «sinbolikoki, preso, iheslari eta deportatu guztiak udako jaietan murgiltzea»; bestetik, «jai giroaz gozatzea» ere bilatzen dute.
Euskal Herria 8 egunetan
Martxa uztailaren 20an abiatuko da Gernikatik eta 27an bukatuko da Lakuntzan. Zortzi egun horietan hainbat herri zeharkatuko dituzte oinez, euskal preso politikoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak aldarrikatzeko eta gatazka politikoaren ondorioak «behingoz» konpontzeko eskatzeko.
Lehen egunean Gernika-Busturia-Bermeo igaroko dituzte; bigarrenean Bermeo-Ea-Lekeitio; hirugarrenean Lekeitiotik Ondarroara joango dira; uztailaren 23an Ondarroa-Mutriku-Deba ibilbidea egingo dute; 24an Deba-Zumaia-Getaria; 25ean Getaria-Zarautz-Hernani, 26an Hernani-Anoeta-Ibarra; eta azken egunean Ibarra-Etxarri Aranatz-Lakuntza ibilbidea egingo dute. Azkeneko etapa horretan, Ibarran autobusa hartuko dute izena emana dutenek eta Etxarrira joango dira. Etxarrin bazkaldu (10 euro ordainduta duenak) eta ondoren, Etxarritik Lakuntzara oinez egingo dute.
Kalera martxa «jendez bete» behar dela adierazi zuten atzoko agerraldian, eta «kolektiboari babesa» eman behar zaiola erantsi zuten. Bere eztabaida estrategikoa «ia bukatzear» dagoen une honetan, ezker abertzaleko militantziaren «maitasuna eta berotasuna sentitu» behar dutela nabarmendu zuten.
Izen ematea
Martxan parte hartzeko, aldez aurretik izena ematea komeni da eta parte hartzeko txartelak ohiko lekuetan eskuratu ahalko dira. Aldarrikapen ekimena izanda ere, jai giroa ez dute alde batera utziko, eta etapa amaiera bakoitzean hainbat kultur ekitaldi izango dira.
KALERA MARTXA – ETAPAK · Uztailak 20, osteguna. Gernika-Bermeo (15 km). 11:00etan. · Uztailak 21, ostirala. Bermeo-Lekeitio (24 km). 09:00etan. · Uztailak 22, larunbata. Lekeitio-Ondarroa (14 km). 15:30ean.· Uztailak 23, igandea. Ondarroa-Deba (11 km). 11:30ean. · Uztailak 24, astelehena. Deba-Getaria (24 km). 09:00etan. · Uztailak 25, asteartea. Getaria-Hernani (13 km). 10:00etan. · Uztailak 26, asteazkena. Hernani-Ibarra (14 km). 09:30ean. · Uztailak 27, osteguna. Ibarra-Lakuntza (16 km). 10:00etan.












