Mutiloako zabortegira doazen kamioiei bidea moztu diete, protesta modura
Mutiloako Lurpe zabortegira doazen kamioei bidea moztu diete gaur Ormaiztegin. Gipuzkoa osoko hiri hondakinak ekartzen hasi ziren hilaren 20an, eta hogeita hamar bat lagunek protesta baketsua egin dute gaur. Bost minutuz zirkulazioa eten dute, Ormaiztegiko bidegurutzetik Mutiloako zabortegira daraman bidean, eta Birziklapenari bai, Goierri ez dago salgai lema daraman pankarta erakutsi dute. Ekintza horrekin, “Ormaiztegin eta inguruko herrietan dagoen ezinegona eta haserrea” adierazi nahi izan dute.
Protestarekin batera zabaldu duten oharrean diote, Goierrin ez daudela “gaizki bereizi eta inolako tratamendurik jaso ez duen Gipuzkoa osoko zaborra” jasotzeko prest. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) “euren asmoekin aurrera” egin dutela diote, “herri borondatea aintzat hartu gabe eta tokiko erakundeen burujabetza zapalduz”. Europatik datozen irizpide eta gomendioei kasurik egin gabe, “denbora tarte honetan birziklapenean aurrerapausoak eman beharrean atzerapausoak” eman direla salatu dute.
Udalaren eta aldundiaren arteko hitzarmena
Bestalde, kritiko agertu dira Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Ormaiztegiko alkateak adostutako oinezkoen bidearen proiektuarekin, haien ustez, horrek ez baitu “Ormaiztegiko kaleetako trafiko astunaren arazoa” konponduko, izan ere, “kutsadura, zarata eta istripuen arriskua egunerokoak” bilakatu direla diote. Akordio horrek ez duela arazoa konpontzen berretsi dute, eta udalak “bere herria saldu” duela salatu dute, “etekin ekonomiko huts batzuen truke”. Izan ere, abenduan egindako “manifestazio erraldoiak” eta bildutako sinadura kopuruak “argi utzi du Ormaiztegiko herriak ez duela Mutiloako zabortegi berria onartzen”.
Bukatzeko, “Foru Aldundiak eta GHK-k herritarron bizkar inposatutako erabaki honen aurrean lanean eta borrokan” jarraitzeko konpromisoa agertu dute. Bide horretan, Gipuzkoan “hondakinen gaiak irtenbide adostu eta partekatu bat” behar duela azaldu dute, beti ere “ingurumena eta herritarron osasuna” errespetatuz.