Beasaingo Berdintasun zinegotziak kargua uzteko arrazoiak azaldu zituen atzoko udalbatzan: "Ez dut borondatez uzten kargu hau, baizik eta, eskatu egin didatelako".
Beasaingo Udaleko atzoko osoko bilkuran zinegotzi kargua utzi zuen EAJko Irma Arnaiz, Berdintasun zinegotziak. Arnaizen esanetan, “2015eko ekainaren 13tik, hau da, egungo Korporazioa osatu zenetik, beraren kide izan naiz, baina gerora sortutako xehetasunak eta nire borondatearekin zer ikusia ez dutenak, zinegotzi kargua betetzen jarraitzea eragozten didate nire pentsaera eta jarduteko moduarekin bat ez datozelako”. Arnaizek udalbatzan egindako azkeneko hitzaldian berretsi zuenez, “ez dut borondatez uzten kargu hau, eskatu egin didatelako baizik”.
Horrekin batera, kargua utzi nahi ez izateko arrazoiak aipatu nahi izan zituen. Batetik, politikan oso eroso sentitu dela azpimarratu zuen: “Duela bi urte Aitor Aldasorok eskatu zidan EAJren zerrendetan joatea, Berdintasun Saila eramateko, nire perfila zela eta. Garbi esan nion, nire burua ez nuela politikan ikusten, oso berria naizelako ibilbide honetan. Orain, politikan ikusten dut nire burua. Oso eroso sentitu naiz. Izan ere, politika herriarekin eta herriarentzat lan egitea da, eta horretan oinarritu dut nire ekintza. Nire hankasartzeekin baina nire ekintza horretan oinarritu dut. Kuriosoa da, amaiera honekin ere, nire buruan politikan eroso ikustea. Hori da jarraitu nahi izatearen arrazoietako bat, eta ez uztearena”, gaineratu zuen.
Kargua utzi nahi ez izateko beste arrazoi bat, berdintasun zinegotzi izateko “ezagutza” izateaz gain, gogoarekin eta indarrarekin, eta beldurrik gabe” sentitzen delako dela azpimarratu zuen: “18 urte daramazkit hezkuntza munduan lanean. Pedagoga eta hezitzailea naiz izatez, bokaziozko lana daukat. Hezitzailea izateak daramaki berdintasunaren alde lan egitea. Eskola barruan eta kanpoan berdintasunaren alde beti aritu naiz lanean. Eta beti bermatu nahi izan dut hezkuntzan ere, eskubide eta aukera berdinak izatea. Hezkuntza klabea da horretarako, eta orain ezagutu dut, udala ere klabea dela horretarako. Pribilegio eta ohore bat izan da Beasaingo herriarentzat udalean lan honetan aritzea”.
Bere lana aurrera eramateko,”herriarekin eta herriarentzat” lan egin duela nabarmendu zuen eta eskerrak eman zizkien, batetik, eskolei, hezkidetza planean sartu direlako: “Marko bat egin dugu. Bi urteetan eskeleto bat markatu dugu berdintasunaren alde. Badakit, askotan, eskoletan, intromisio moduan ulertzen direla kanpotik datozen gauzak. Baina Beasaingo eskola guztiek onartu dute udalak markatutako zenbait irizpide, eta beraienak egin dituzte. Seaska haur eskolak ere parte hartu nahi izan du guzti honetan, euskaltegiak ere bai, musika eskolak ere parte hartu du… irakurle taldeak, elkarlanean sinergiak batuz lanean aritu gara”. Bestetik, Asmube, talde feministak, Beasaingo foroa, Oriako Lamiak, Goierriko Zubia, Kontzientzia Moreak ere eskertu nahi izan ditu. “Eta zer esanik ez, beste alderdi politikoekin. EH Bildu eta PSErekin. Oso eroso sentitu naiz lanean. Ildo eta helburu berdinak geneuzkan eta horretan aritu gara”.
Beasainen egindako lanaz gain, Eudelen eta Foru Aldundian ere lan egiteko aukera izan du Arnaizek,”batzuetan EAJko kideekin eta beste batzuetan beste alderdi batzuetako kideekin. Lan bikaina egiten aritu gara. Horrek ere izugarrizko pena ematen dit. Ikusten dut eraldaketa bat, ikusten dut kalitatezkoa eta bikaina den lan bat”.
Uzteko arrazoiak
Berdintasun saila eramatea ez dela erraza adierazi zuen, baina “niri gauzak zaildu zaizkit, nire taldeak bizkarra eman didanean. Nire taldea esaten dudanean, ez dut alderdia esaten, ez dut esaten EAJ; esaten dut taldea osatzen duten pertsonak. Talkak, gaizki ulertuak, ez ulertuak eta oztopoak izan dira, azkeneko urtean. Azkeneko zazpi hilabeteetan, bazterkeria hitza etortzen zait burura. Eta azken hiru hilabeteetan komunikazio eza. Saiatu naiz bideratzen. Hemengo batzuk badakizue ondo asko. Galdetu dut zergatik eskatzen zidaten uzteko. Nik ez dut zentzuzko erantzunik jaso. Hanka sartzeak mila egingo nituen, ziur, baina bidean ez didate erakutsi asko dakitenek. Izugarrizko sorpresa jaso dut guzti honekin. Sorpresa eta dezepzioa. Oso gogorra izan da ibilbide hau. Uste nuen talde honen parte nintzela. Alderdi honek ardatza pertsona hartzen du. Nik hemen barruan ez du hori ikusi; ni ere pertsona naiz eta ez dut hori sentitu”.
Herritarrei eskerrak emanez bukatu zuen hitzaldia, “beraien botoengatik egon naizelako hemen. Herritarren babesa sentitu dut aurreko plenotik hona bereziki. Ezagutzen nuen jendea eta ezagutzen ez nuena gerturatu zait eskerrak ematera. Herriari eskerrak emanez amaitzen dut”. Txalo zaparrada jaso zuen Arnaizek.
EAJren eskertza
Udal gobernu taldearen izenean Leire Artolak irakurri zuen Irma Arnaizen eskertza agiria “udal honi eta Beasaingo herriari emandakoa” aitortuz. “Eta nola ez eskertu bi urte hauetan berak gidatu duen sailean egindako lana eta erakutsitako konpromisoa aurrera eramandako proiektu eta ekimen guztietan”. Ildo horretan, “berak egindako lanak izango du jarraipena Udal gobernu honen eskutik eta ez da hutsean geratuko. Berarekin harremana izandako Ikastetxe, eragile, elkarte eta talde guztiek Udalaren laguntza eta ateak zabalik izaten jarraituko dute inolako zalantzarik gabe eta euren proposamenei irekita jarraitzen dugu”.
Leire Artolako irakurritako agiriak zionez, “gertatutakoak gertatu, udal gobernu taldea osatzen dugun gizon eta emakumeok aho batez taldea uztea eskatu genion Irmari. Alderdiaren Beasaingo juntak, bere aldetik, zinegotzi kargua uztea eskatu zion. Eskainua, eta zinegotzi izaten jarraitzeko aukera, bere erabakia izan da. Talde barruko jokabide printzipioek urrundu bagaituzte ere, aitortzen diogu Irmari bidelagun izana bi urte hauetan Udal gobernu taldean eta emandako gauza on guztiekin geratzen gara”.
PSE-EE
PSE-EEko Santi Urdanpilleta zinegotziak eskerrak eman nahi izan zizkion Irma Arnaizi. Urdanpilletaren esanetan, “lan oso ona egin du” eta bere profesionaltasuna, entzuteko gaitasuna nabarmendu zituen. “Bere departamentua izango zen dena kontsentsuatu den departamentu bakarra. Eta hori oso zaila da, eta Irma Arnaizek lortu du”. Arnaizen kargu uztearekin, “Berdintasun Saila oso hutsik gelditzen” dela uste dute sozialistek: “Pena handia daukagu, berarekin oso gustura aritu gara lanean”.
EH Bildu
EH Bilduren izenean Zezilia Herradorrek hartu zuen hitza, eta “kargu uztea borondatez kontra egin izatea harrigarria eta larria iruditzen zaigu eta egungo udaletxe batean horrelako egoerak ematea ez da onargarria. Azalpenen bat ez legoke gaizki”.
Aurreko legealdian, EH Bilduk berdintasun batzordea sortzearen aldeko apustua egin zuela gogoratu zuen: “Hasiera eman genion ibilbide honi eta erraza izan ez bazen ere, orduan egin zen herri honetako I. Berdintasun Plana, zeinak markatuko zituen berdintasunaren arloan jarraitu beharreko ildo nagusiak. Zuek iristearekin batera, Irma gurekin harremanetan jarri eta lehenengo egunetik batzordeko gaiak alderdi guztien artean lantzeko prestutasuna adierazi zuen. Bai berdintasun arloan eta baita hezkuntza arloan ere. Eta halaxe ekin genion. Bi urte hauetan egindako lana eskertzea besterik ez zaigu geratzen. Elkarrekin aurrera atera eta ikasitakoak eskertzea. Eskerrik asko Irma”.
Horrez gain, “esan beharra daukagu, lanerako gurekin kontatu den batzorde bakarra izan dela. Gure iritzi eta ekarpenak kontuan hartuak izan diren batzorde bakarra. Eta zuek, juxtu hauxe hankaz gora jartzea erabaki duzuela, edo bertan behera utzi nahi izan duzuela. Nahiago duzuen bezala”.
Bestetik, azalpenak ere eskatu zizkien aldakteari: “Ezin dugu aipatu gabe utzi, aurreko plenoan emakume taldeak irakurritako testua. Gure ustez, bertan salaketa larriak egiten dira eta hauek azalpen bat eskatzen dutela uste dugu. Korporazio osoari egiten zaio aipamena, eta guk behintzat, talde bezala, ez dugu gure burua hor esaten direnekin irudikatzen”.