Udalak eta Aquarbe enpresak urarekin lotutako iruzur bat salatu dute
Zumarragako Udalak eta Aquarbe enpresak etxeetako urarekin lotutako iruzur baten berri eman dute. Azken egunetan ura tratatzeko ekipoak saltzen dituen enpresa batek Zumarragako hainbat etxetara deitu du, uraren kalitatea zalantzan
Zumarragako Udalak eta Aquarbe enpresak etxeetako urarekin lotutako iruzur baten berri eman dute. Azken egunetan ura tratatzeko ekipoak saltzen dituen enpresa batek Zumarragako hainbat etxetara deitu du, uraren kalitatea zalantzan jarriz. Udalak eta Aquarbek kontrol asko egiten direla eta uraren kalitatea primerakoa dela gogoratu dute.
Iruzurgileek etxeetara deitu eta erakustaldi bat egitea eskaintzen dute. Etxeetan, kimika erabilita, iturriko ura belztea lortzen dute. Horretaz gain, etxe-koen adinagatik galdetzen dute eta kontu korronte zenbakiak lortzen saiatzen dira.
Mikel Serrano alkateak eta Jon Koldo Izagirre Aquarbeko zuzendariak prentsaurrekoa eman zuten atzo iruzurraren berri emateko eta uraren kalitatea ezin hobea dela argi uzteko.
Izagirrek uraren kalitatea bermatzen duen programaren berri eman zuen. «Herriko biztanle guztiek uraren kalitatea apartekoa dela jakitea nahi dut. Egunero analisiak egiten ditugu. Gainera, uraren kalitatea bermatzeko erabiltzen dugun programak jaurlaritzaren oniritzia du. Hilero jarraipen bilera bat egiten dugu eta bilera horretan hilabete osoko analisiak aurkezten ditugu».
Analisi horiek Osakidetzaren webgunean daudela gehitu zuen. Bilatzailean Osakidetza eta Ekuis jartzea besterik ez dago, analisietara jotzeko.
Izagirrek iruzurgileen jarrera kritikatu zuen. «Uraren kalitatea inongo arrazoirik gabe zalantzan jartzeaz gain, ahulenengana jotzen dute: adineko pertsonengana eta informaziorik ez dutenengana. Jendearen ezjakintasunaz baliatzen dira uraren kalitatearekin inongo zerikusirik ez duen zerbait saltzeko».
Izan ere, iruzurgileek eskaintzen dituzten gailuak kaltegarriak direla gehitu zuen. «Klororik gabeko ura edan nahi dutenek, pitxarra bezperan bete behar dute. Dena den, ahalik eta kloro gutxien erabiltzen dugu. Ura desinfektatzeko beharrezkoa den kopurua bakarrik. Iruzurgileek erabiltzen dituzten teknikak, ordea, kaltegarriak dira: batak urari gatzak kentzen dizkio eta besteak bakteriei ateak irekitzen dizkie».
Iruzurgileek eskaintzen dituzten gailuak oso garestiak dira, gainera: 88 euroko 36 kuota ordaindu behar dira. «Diru horrekin, zumarragar batek 71.000 litro ur kontsumitu ditzake hilero».
Hori guztia dela eta, Serranok eta Izagirrek deia jasotzen duten zumarragarrei salaketa jartzeko eta udaletxera eta Aquarberen bulegora joateko eskatu zieten.