Haizea-Deloitte enpresak egindako proposamen teknikoaren azterketa egin, eta ekarpenak egingo dituzte
Etzi, 18:00etan, Legazpiko Kultur Etxean Agenda 21eko Foroa elkartuko da. Bilerak bi orduko iraupena izango du eta Mugikortasun Iraunkorreko Plan berriaren proposamenak aztertuko dituzte, baita elkarren artean alderatu ere.
Agenda 21eko Forotik legazpiarrak parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. Uztaileko saioa ez zegoen aurreikusita, baina epe kontuak direla-eta bilera bihar egingo dute ohiko ordua aurreratuta.
Bileran Legazpiko Mugikortasun Iraunkorreko Plan berria lantzen jarraitzeko asmoa daukate. Alde batetik, Haizea-Deloitte udalak kontratatutako enpresak mugikortasun planaren ekintzekin prestatutako proposamen teknikoa landuko dute eta, bestalde, foroko kideek planaren gainean dauzkaten ikuspuntuak aztertu eta partekatuko dituzte.
Ekarpenak Internetez
Inork bilerara joaterik ez balu baina ekarpenak egin nahiko balitu, Legazpiko Udalaren webgunean (legazpi.eus) dagoen online foroaren bitartez egin ditzake ekarpen horiek.
Haizea-Deloitte enpresak Legazpiko Udalaren enkarguz egindako planak hiru fase hartzen ditu herriko mugikortasuna ordenatze aldera. Planaren amaiera 2019erako aurreikusten dute.