Legazpiko Futbol 7 Txapelketako Aiztonaga Kopa irabazi du A-ruinatzen taldeak. Goizez egin zituzten finalak aurrenezkoz. Eguraldia, heze eta hotz; bazkariak baina, giroa berotu zuen.

Hamargarren urtez egin dute Legazpin Futbol 7 txapelketa. Finalak aurreko larunbatean eguraldi euritsu eta hotzarekin jokatu ziren Bikuña zelaian. Harmailetako giroan ez zen aurreko urteetako surik piztu, baina Azokan finalen ostean egindako bazkarira 520 lagun bildu eta han bai, giroak su hartu zuen dantza eta poz artean.
Lehenengo finala, Legazpiko Gazteak Koparena, Isotopos taldeak irabazi zuen, Edurne Gonzalez txapelketaren antolatzai-learen arabera, «ezustean». Burkina Faso taldeak bi gol egin eta azkar hartu zuen aurrea markagailuan, «tupustean buelta eman zion Isotoposek eta hiru gol sartuta irabazi zuen kopa».
Ondoren, final handia. Aiztonaga Kopa lehian, Aztiri Bulls taldeko jokalari gazteak A-ruinatzeneko beteranoekin neurtu ziren. Gol bana markagailuan amaitu zen partida eta penaltietan irabazi zuten A-ruinatzenekoek, «oso berdinduta egon zen partida». Gonzalezen esanetan, «eguraldi txarrak eta finalak goizean jokatu izanak ikusleen motibazioan eragin zuten, halere adi jarraitu zituzten partidak».
Behin finalak amaituta Azokan bazkaria egin zuten eta bertan sariak banatu. «Indarra irabazi zuen sari banaketak bazkari giroan eginda», dio Gonzalezek. Sariez gain, antolatzaile beteranoenak omendu zituzten: Gonzalez bera, Iker Azpeitia eta Asier Diaz. Txapelketa osoan jokalariak artatu dituzten bi erizainak ere igo ziren taula gainera eta esker on beroa jaso zuten.
A-ruinatzen taldeko irabaz-leak udaletxeko balkoira igo ziren eta Isotopos taldekoek beren pankarta zintzilikatu zuten beste balkoian; hori guztia, eskalatu gabe, izan ere aurtengoan udaletxe barrutik sartu ziren denak. Urteurrenaren harira egindako ikus-entzunezkoa ere eman zuten bazkarian, baina pozaren hotsak ahotsak lausotu zituenez, aurki sarean egongo da ikusgai.
10. FUTBOL TXAPELKETA
Sariak:
· Aiztonaga Kopa: A-ruinatzen taldea.
· Legazpiko Gazteak Kopa: Isotopos.
· Pitxitxia: Iker Pastriain (Culebras)
· Aiztonagako tigrea: Xabier Lopez (A-ruinatzen)