Gipuzkoako Erlezain Elkarteak Hugo Aguirre mediku eta apiterapeuta argentinarra gonbidatu du, Goierrira. Hitzaldia egingo du, bihar, Zaldibiako Goizane eraikineko auditorioan (Larraitzerako bidean, agroaldean). Apikultura osasunarentzat eta Erlezaintza...
Hugo Aguirre apiterapeuta argentinarra.
Gipuzkoako Erlezain Elkarteak Hugo Aguirre mediku eta apiterapeuta argentinarra gonbidatu du, Goierrira. Hitzaldia egingo du, bihar, Zaldibiako Goizane eraikineko auditorioan (Larraitzerako bidean, agroaldean).
Apikultura osasunarentzat eta
Erlezaintzako ekoizpenaren dibertsifikazioa, orain eta etorkizunean gaiak jorratuko ditu. Hiru orduko saioa egingo du, 16:00etatik 19:00etara. Sarrera 3 euro kobratuko dute.
Aguirre, mediku zirujaua izateaz gain, apiterapiako teknikaria da. Munduan ospetsua da, eta Erlezain Elkarteak esan duenez, Goierrin hitzaldia egitea «luxua» da. «Orain sei urte izan genuen Gipuzkoan, eta esperientzia ona utzi zigun. Berriz Europara datorrela baliatuz, ez dugu gure artean izateko aukera galdu nahi izan. Luxu handia da bera gure artean izatea».
Hala, erlezainentzat eta erlauntzako produktuak kontsumitzen dituen edozeinentzat, Aguirreren hitzaldia «aukera paregabea» dela berretsi dute, baita produktuak saltzen dituzten dendari berezituentzat ere.
Osasuna eta negozioa
Hitzaldian, erlauntzako produktuek gizakiaren osasunean eragin ditzaketen onurak zeintzuk diren laburbilduko du, aurreneko zatian. Produktuak dibertsifikatuta, erlezaintza bideragarri bihurtzeko aukerak azalduko ditu, bigarren partean. Bukaeran, entzuleek Hugo Aguirreri galderak egin ahalko dizkiote.