Ormaiztegi: Goierriko 'Paris txikia'
Orain urte batzuk Ormaiztegiko Udalean lan egindako idazkari batek Paris txikia ezizena jarri zion herriari, bere txikitasunean sortzen zuen lan eskergagatik. Industria tradizioari lotutako herria da Ormaiztegi, eta horren isla da, esate baterako, Irizar autobus enpresa. Irizar da ezagunena, baina ez da mundua egunero Ormaiztegira gerturatzen duen enpresa bakarra. “Munduko mapa bat hartu eta gurean sortutako enpresek egoitzak non dituzten seinalatuz gero, hamaika tokitara iritsiko ginateke”, adierazi du Jon Enrique alkateak (Legazpi, 1966). Ekintzaile lurraldea izan da betidanik eurena. “Harrigarria da hain eremu txikiak bildu duen ekintzaile kopuru handia”.
Egun, 1.300 bizilagun inguru ditu herriak. Azken urteotan lanera joandakoak batu zaizkie bertakoei, hainbat herrialdetatik iritsitakoak. Gaur-gaurkoz, 25 bat herrialdetako pertsonak bat eginda daude Ormaiztegin, eta urtero igotzen ari da jaiotza tasa. Bizilagunez gain, lan kontuak tarteko egunero bikoiztu egiten da herriko biztanle kopurua.
Zerbitzuak hobetzea da herriak duen erronka nagusia, eta, bide batez, azpiegitura berriak egitea. Zubipe kiroldegia eta pilotalekua berrituko dituzte, eta eskola zaharrean kultur etxea, liburutegia, areto nagusi bat, erretiratuen egoitza eta eguneko zentro bat egitera doaz; gaztelekua ere bertan jarriko dute… Osasun azpiegiturei astindu bat emateko asmoa ere badute. Alkatearen hitzetan, azpiegitura “duinak” behar dituzte. “Baina ez da nahikoa egoitzak eraikitzea; programak jarri nahi ditugu martxan herritarrei zerbitzuak eskaintzeko”. Hala, Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Lagunkoia programa abiarazi dute, pertsona nagusiekin lan egiten duen ekimena; eta gazte asanbladarekin ere lanean ari dira Gipuzkoako Aldundiak sortutako Gaztematika programari esker; kultur talde bat sortzear ere badira.
Historia eta ondarea
Ondarea da Ormaiztegi azaltzeko beste gakoetako bat. Bertako tren-zubia Gustave Eiffelek egindakoa zela pentsatu izan da urte askoan, baina egun badakite Alexander Lavalleyk eraiki zuela. Eiffelek 1889an eraiki zuen izen bereko dorrea, Parisen, Frantziako Iraultzaren 100. urteurrenaren harira, eta Ormaiztegiko zubia 25 urte lehenago eraikita zegoen jada. Materialak, profilak eta estiloa antzekoak izanda, pentsatzekoa da biek harremana izan zutela.
Tren-zubitik igarotzen zen trenak eraldatu egin zuen Ormaiztegi XIX. mendean. Nekazari herria izatetik, industria herria izatera igaro zen trenaren bideari jarraikiz. Bertako uraren berezitasuna gehitu zitzaion trenari herriaren eraldaketa gauzatzeko. Ormaiztegiko tren-zubiaren azpian ireki zuten Goierriko lehen bainuetxea, 1854an, sulfuro uren arrimura; 110 urteko bizia izan zuen, eta 1964an itxi zuten. Bainuetxeak berak ere munduaren ateak irekitzen lagundu zion herriari.
XIX. mendeari zuzen-zuzen begira dago Ormaiztegiko Zumalakarregi museoa. 1989an ireki zuten, Iriarte-erdikoa etxean. XIX. mendeko Euskal Herria azaltzeko bokazioa dauka museoak, eta aldi bateko erakusketak, erakusketa iraunkorrak, tailerrak eta abar antolatzen ditu. Ormaiztegiko kultur arloarekin nahiz eskolarekin lankidetzan aritzen da.
Museoa Ormaiztegin “txertatuta” dagoela dio Lourdes Azpiazu bertako koordinatzaileak. Esaterako, azaroko San Andres jaietan egiten duten Elegante Eguna irauli dute herritarrekin batera. Aurretik, ezkontza ospakizunera joateko itxuran janzten zen gazte jendea Elegante Egunean, baina, museoaren bultzadarekin, XIX. mendera eraman dute egun hori. Azken urteotan joste tailerrak antolatu izan dituzte, eta XIX. mendean dotore nola janzten ziren erakutsi ere bai. Zer jaten zuten eta aisian zer egiten zuten azaltzeaz gain, orduko beste hainbat ohituraren berri ere eman izan dute.
Zaborren kudeaketak eragin du herriko azken zurrunbiloetako bat. Hain zuzen, ekainaren 19an herria zeharkatzen hasi ziren Gipuzkoako hiri hondakinak Mutiloako zabortegi pribatura eramaten dituzten kamioiak. Orain, egunero, zortzi-bederatzi kamioik zeharkatuko dute Ormaiztegi, eta abuzturako hogei bat izango dira. Bi urte eta erdian pasatuko dira bertatik kamioiak. Gipuzkoako Foru Aldundiak oinezkoentzat pasabide bat egingo du kamioiak pasatzen diren errepideko espaloitik ez joateko eta haien segurtasuna bermatzeko; hori da arazoa baretzeko topatu duten irtenbidea. Herri txikia da Ormaiztegi; apurka-apurka baina geratu gabe handituz doan Goierriko Paris txikia.