Goierri elkarteak Pirinioetara mendi irteera antolatu du uztaileko zubirako
Goierri kirol elkartearen mendi sailak lau egunetako mendi irteera antolatu du Frantzia, Katalunia eta Andorrako Pirinioetara. Mendizaleak hilaren 22an irtengo dira Urretxutik eta 25ean itzuli. Autobusa 06:00etan irtengo da, Goierri
Goierri kirol elkartearen mendi sailak lau egunetako mendi irteera antolatu du Frantzia, Katalunia eta Andorrako Pirinioetara. Mendizaleak hilaren 22an irtengo dira Urretxutik eta 25ean itzuli.
Autobusa 06:00etan irtengo da, Goierri elkartearen egoitza azpitik (Jose Mari Lasa plaza). Mendizaleak Ariege bailarako Auzat herrira eramango ditu. 3-4 orduren buruan, 1.200 metroko desnibela gainditu ondoren, La Pinet aterpetxera helduko dira. Mendizaleek bertan afaldu eta lo egingo dute.
Hurrengo egunean, igandean, Kataluniako mendi altuena igoko dute: Pica d’Estat (3.147 metro). Ondoko gailurretara igotzeko aukera ere egongo da: Verdaguer, Sotllo eta Montcalm hirumilakoak, besteak beste. Ondoren, Valferrera aterpetxera jaitsiko dira. Bertan afaldu eta lo egingo dute.
Hirugarren egunean Coma Pedrosa (2.936 metro) mendia igoko dute. Mendi hori Andorrako altuena da. Ibilaldia Arinsal herrian bukatuko dute. Ondoren, autobus batek La Seu d’Urgell herrira eramango ditu. Bertako Valira aterpetxean afaldu eta lo egingo dute.
Azken eguneko goiza, asteartekoa, Andorran pasako dute. Mendizaleek aukera ezberdinak edukiko dituzte: Caldea bainuetxera joan, hiru orduko mendi ibilaldia egin, Seu bisitatu… Arratsaldean Urretxura itzuliko dira.
Txango honetan parte hartu nahi dutenek gaur edo ostiralean Goierri kirol elkartearen egoitzan izena eman behar dute: 19:00etatik 21:00etara. Telefonoz ere izena eman daiteke. Horretarako, 619 337 352 (Txema) edo 637 033 330 (Jabi) zenbakira deitu behar da. Posta elektronikoz izena emateko, goierrimendia@gmail.com helbidera idatzi behar da. Goierri kirol elkarteko bazkideek 48 euro ordaindu behar dute eta bazkide ez direnek, berriz, 60 euro. Lehenbailehen izena emate komeni da, tokia mugatua baita.
Datorren astelehenean, 19:00etan, bilera bat egingo dute Goierri elkartearen egoitzan. Bertan, ibilbideari eta eraman beharrekoari buruzko informazioa emango dute.