Urretxuk 326.000 euroko kreditu aldaketa onartu du hainbat inbertsio egiteko
Urretxuko Udalak 326.000 euroko kreditu aldaketa bat onartu du. Soberakinetik hartuko duen diru kopuru hori obra batzuk egiteko eta espero ez ziren gastuak ordaintzeko erabiliko da. Diru kopuru aipagarriena abokatu
Urretxuko Udalak 326.000 euroko kreditu aldaketa bat onartu du. Soberakinetik hartuko duen diru kopuru hori obra batzuk egiteko eta espero ez ziren gastuak ordaintzeko erabiliko da.
Diru kopuru aipagarriena abokatu eta prokuradoreei ordaintzeko erabiliko dena da. Espero baino 70.000 euro gehiago erabiliko dira epaiketei aurre egiteko. Epaiketa horietako batean, Pagoeta auzoan ireki behar zen hoteleko jabe ohiak lau milioi euro eskatu dizkio udalari. Urretxuko Udalak lehen epaiketa irabazi du, baina sententzia errekurritu dute. Gobernu taldeak udalak «ziurgabetasun» egoeran jarraitzen duela aipatu du.
Eraikitzaileak hotel bat irekitzeko baimena zuela eta 2007-2011 legealdian lurraren kalifikazioa aldatu egin zela dio.
Beste 48.500 euro aita pasiotarren eraikina erosteko erabiliko dira. Urretxuko Udalak uda honetan bertan ordainduko du diru hori, eskriturak sinatu bezain laster.
Kreditu aldaketako dirua herriko hainbat tokitan egiten ari diren obretako aurrekontuak handitzeko ere erabiliko da. Ederrena pilotalekuan, adibidez, aldagelak eta komunak berritu behar dituzte. Hasiera batean 33.000 euro erabili behar ziren, baina azkenean 63.000 euroko inbertsioa egingo dute.
Etxe orratzean, berriz, elkarte gastronomikoen plazatxoa eta Kalerrotatik bertara doan eskailera berrituko dituzte. Aurrekontua 20.000 eurokoa zen eta 55.000 eurokoa izango da.
Horretaz gain, Iparragirre institutuaren eta Mundo Mejor auzoaren artean dagoen zelaiko saneamendu sarea konponduko dute. Oinezko pasabide altxatuak egiteko, zabor bilketa gu-neak txukuntzeko eta Goldeneko eta Sorgintzuloko aparkalekuak berritzeko aurrekontuek ere gora egin dute.
Kreditu aldaketak Gizarte Ekimeneko departamentuari ere mesede egingo dio. Aniztasun eta bizikidetzarako 4.500 euro gehiago erabiliko dira, familientzako 6.000, gizarte larrialdiko etxebizitza egokitzeko 1.500, nerabeen adikzio prebentziorako 2.000 eta prebentzio programetarako 5.000.
Sarralde
Sarralden entsegu lokalak egiteko ere diru gehiago jarriko da. Bukatzeko, Labeaga-Ipeñarrieta bidegurutzeko obraren kitapena egiteko 10.500 erabiliko dira, Joxe Mari Iparragirreren estatua eta ingurua berritzeko 10.000 euro, La Salle-Legazpi ikaste-txearekin sinatutako lankidetza hitzarmenari aurre egiteko 10.000 euro eta igerilekua berritzeko exekuzio proiektua ordaintzeko 18.600 euro.
EH Bilduk hausnarketa bat eskatu du, aurreikusi zitezkeen partidak daudelako. EAJk aurreikusitako aurrekontuak doitu direla erantzun du.