Baratze sozialen eremua egokitzeko lanean ari dira Estanda lantegiaren atzean
60 sail egokituko dituzte; 20 arlo sozialean lanean dabiltzan elkarteentzat eta ikastetxeentzat dira. Oraindik izena eman daiteke. Behin-behineko zerrenda hilaren 19an argitaratuko dute
Estanda enpresaren atzeko lur eremuan, Eztanda errekaren ertzean, 60 baratze sozial egokitzeko lanak hasi dituzte. Irisgarritasuna eta azpiegitura lanak irailaren hasierarako bukatuta egotea aurreikusten du udalak: «Bideak, erregadiorako ur deposituen kokapena, materialak gordetzeko etxolaren oinarria eta oro har, beharrezkoak diren azpiegituren prestakuntza burutzen ari da». Datorren astean, berriz, ura ekartzeko lanak egingo dituzte.
Izaera soziala izango du baratze parkeak. Era horretan, 60 baratzeetatik 20 arlo sozialean lanean dabiltzan elkarteei eta ikastetxeei utziko zaie. «Bereziki behar gehien duten giza kolektiboak eta interes berezikotzat hartzen diren pertsonen tal-deak» izan ditu gogoan udalak. Ikuspegi sozial hori ardatz hartuta, Caritas-Sarea eta Ekogune fundazioekin hitzarmenak sinatu zituen udalak.
Izena emateko aukera
Gainerako 40 lur sailak herritarren artean esleituko dira, «araudian jasota dauden irizpideen arabera». Udaletik jakinarazi dutenez, oraindik badago aukera baratzeak eskuratu ahal izateko; rosa@laiacoop.net posta elektronikoan eman daiteke izena. Datorren asteazkenean, hilaren 19an, onartuen behin-behineko zerrenda argitaratuko dute. Erreklamazioetarako epea pasa ondoren, uztailaren 28an behin betiko onartuen zerrenda jakinaraziko dute.
42.000 euroko aurrekontua du baratzeen proiektuak, eta Ekogunek egingo du proiektuaren diseinua. Udalaren esanetan, aurreko legealdiko baratzeen proiektutik 223.431,11 euro aurreztuko dira. Baratze parkea sareko kide izango da, eta nekazaritza adituen aholkularitza jasoko dute erabiltzaileek.
Dena den, nekazaritza ekologikoa bultzatzeaz gain, aisialdi aktiboa sustatzea, erabiltzai- leengan eta haurrengan naturarekiko errespetua sustatzea eta gizarte talde ezberdinen arteko elkarbizitza bultzatzea ere badira baratzeen helburuak. Emakume-gizon arteko proportzioa ere zainduko dute.












