CAFek Newport hirian eraikiko du Erresuma Batuko lantegi berria
CAF enpresak lantegi berria izango du Erresuma Batuan. Hala jakinarazi du gaur tren konpainiak, prentsara bidalitako ohar baten bidez. Iaz iragarri zuten Erresuma Batuan lantegia zabaltzeko asmoa, bertan hainbat kontratu lotuak zituztela ikusita. Kokapena zehaztu dute dagoeneko; Newporten (Gales) eraikiko dute. Kokapen “optimoa” bilatzen saiatu direla dio konpainiak; horretarako, hiriak trenbide-sarera duen konexioa, lurraldearen barruan kokapen ona izatea eta eremu horretan kualifikatutako laneskua izateko aukera hartu dituzte kontuan.
Guztira, 100 kokaleku baino gehiago aztertu dituzte, baina denen artean Galeseko Newport hiriko Celtic Business industrialdea aukeratu dute. Galeseko hirugarren hiririk handiena da Newport, Cardiff eta Swansea hirien atzetik. 140.000 biztanle ditu. CAFek 38 milioi euroko inbertsioa egingo du bertan; Galeseko Gobernuak atzerriko inbertsioen programarako ematen duen laguntza ere jasoko dute.
Lantegi berria 46.000 metro koadroko lursailean kokatuko da, eta 300 langile arteko plantilla izatea aurreikusten dute. Tren-ibilgailu mota guztiak egiteko diseinatuta dago, eta bertan egingo dituzte ibilgailuen muntaketa, akabera eta zerbitzuan jarri aurretik egin beharreko proba guztiak. Lantegia 2018ko erdialderako prest izatea espero dute.
Kontratu ugari Erresuma Batuan
CAFek kontratu garrantzitsu ugari itxi ditu azkenaldian Erresuma Baturako. Arriva Rail North Limited operadorearekin 43 tren elektriko eta 45 diesel dituzte hitzartuta, eta First Groupekin bidaiarien 66 kotxe eta bosna kotxeko 12 unitate elektriko. Bi proiektuen artean, 900 milioi libera (1.000 milioi euro) jasoko ditu CAFek. Eskozia eta Londres arteko zerbitzurako beste 75 kotxe ere fabrikatzen ari dira, Caledonian Sleeper konpainiarentzat.
Bestalde, atzo jakinarazi zuen CAFek BWB ingenieritza enpresa britainiarra erosi duela, Britainia Handian egiten ari diren zabalpen estrategia indartuz.