Gaueko izakien mundu miragarrian barrena bidaia egingo du, bihar, Ataungo 6. Gaueko Ibilaldi Mitologikoak. Zazpi antzezpen egingo dituzte bisitarientzat, San Gregoriotik San Martinera.
Gaua, gauekoentzat. Esamolde motz bezain mamitsu horrekin ohartarazi zituzten antzinako euskaldunek ilunarekiko herrak. Beste mundu bat hasten zen gauarekin batera, magikoa, mitologikoa; harrigarria bezain beldurtzekoa. Sentimendu horiek denak norberaren azalean bizitzeko aukera emango dute Jentilbaratza elkarteak eta Barandiaran Museoak, bihar, Ataunen egingo duen 6. Gau Ibilaldi Mitologikoan.
Egunetik gauerako igarobidea zeharkatuko dute, ibiltariek. 20:30ean abiatuko dira San Gregorio auzoko Barandiaran Mu-seotik, eta Agauntza ertzeko herribide zaharrean aurrera, San Martinerako bidean gautuko die. Aurrez, 19:00etatik 20:30era, museoa eta alboko instalazio hidraulikoak (errota, zerrategia) irekita egongo dira.
Ehunka lagun espero dituzte aurten ere antolatzaileek. Aurrez izena eman beharrik ez dago. Jende kopuruaren arabera, bi taldetan egingo dute ibilaldia, ikuskizunak errepikatuta.
San Martindik San Gregoriora autobus zerbitzua jarriko du antolakuntzak, doan. 19:00etan hasiko da martxan. Bukatuta-koan, kotxea San Gregorion utzi dutenak hara itzultzeko ere garraioa jarriko dute.
Zazpi antzezpen, bidean
«Garai bateko ipuin eta leienda harrigarrien munduan sartuko gara, Ataunen bihotzean eta Joxemiel Barandiaran bizi izan zen inguruan», aurreratu dute Jentilbaratzeko kideek. Euskal mitologiako pertsonaiak azalduko dira, bidean. Zuziak eta argizariak banatuko dizkiete ibiltariei, argi egiteko.
Zazpi antzezpen eskainiko dituzte: Joxe Arratibelek jasotako ipuinak (aurtengo berritasuna),
Barandiaran gure arima,
Erremedioko bainuetxean,
Zegamarrak eta ataundarrak tekelan,
Marixor eta sorgiñek,
Izugarrin ipuie eta bukaerakoa.
6. GAUEKO IBILALDIA
Eguna: Bihar, larunbata
· Ordua: 20:30ean.
· Nondik: San Gregorioko museotik abiatuta.
· Ibilbidea: Agauntza bazterretik, San Martin auzoraino.
· Garraioa: San Martindik autobusa 19:00etan hasiko da museora. Bukatutakoan ere bai, kontrako norantzan.
· Museoa: Barandiaran museoa zabalik egongo da 19:00etatik 20:30era bitartean.