Anaitz Goia segurarrak Erasight enpresa sortu du datuen irakurketak eginez, antolakuntzei eta enpreseo etorkizuneko estrategia eta erabaki egokiak hartzen laguntzeko
Internet eta gailu teknologikoak erabilita sortutako milioika datu aztertuta, erakundeei eta antolakuntzei etorkizuneko estrategiak zehazten eta erabaki hobeak hartzen laguntzea. Horixe da Anaitz Goia segurarraren Erasight enpresa berriaren egiteko nagusia. Goieki Goierriko garapen agentziak antolatzen duen enpresa ekimen berrien saria irabazi berri du Goiak. Erabiltzaileak dituztenei eman nahi diete, bereziki, zerbitzua.
Big data edo analitika aurreratuarekin eta inteligentzia artifizialarekin aztertzen eta irakurtzen dituzte datuak. Milioika datu horien irakurketatik patroiak lortu, ondorioak atera eta enpresa lehiakorragoa izateko irtenbideak proposatzen ditu Erasight enpresak. Fundatzaileak azaldu duenez, erakundeei edo antolakuntzei “ikuspegi hobea” ematen saiatu nahi dute. “Euren erabaki estrategikoak eta ondorengo negozioak hobeak izan daitezen”. Izan ere, segurarraren ustez, hainbeste datu sortzen den gizarte honetan, gaur egun ez du balio “intuizioz” hartutako erabakiak. “Erabakiak hartu behar dituzten negozio langileek datuak eskuragarri eduki behar izaten dituzte modu bisual batean”.
Dena den, hainbat iturritatik sortzen diren datu horiek guztiak ez dira errazak izaten irakurtzeko. “Eta, horregatik, modu ikusgarrian jarri behar izaten dira, erabakiak hartu behar dituen pertsonak bost minutuan irakurri ahal izateko”. Enpresak berak sortzen dituen lantoki barruko datuak eta kanpokoak —gizartekoak, sozioekonomikoak, soziogeografikoak…— erabiltzen eta aztertzen dituzte analitika aurreratua,
machine learning, inteligentzia artifiziala eta
business intelligence metodoak aplikatuta. “Datuak sortzeko askoz ahalbide eta erraztasun handiagoa daukagu, datu horiek gordetzeko ere bai… Baina datu horiek ustiatu egin behar izaten dira, esku artean zer daukagun jakiteko eta zein erabaki hartu behar ditugun erabakitzeko”.
Enpresek sentsore ugari izaten dituzte eskura datuak jasotzeko; sakelako telefonoa, esaterako, oso sentsore baliagarria da datuen bilketarako, eta baita kreditu txartela edo supermerkatu handiek dituzten bezeroen txartelak ere. “Horiek, adibidez, fidelizazioan lan egiten dute; bezeroa nola erakarri berriz ere, zein produktu interesatzen zaion bezero mota horri… Informazio hori ematen du supermerkatuetako txartelak”. Informazio hori guztia aztertu, eta “inteligentzia” eskaintzen du Erasightek, “analitika deskriptiboa eta analitika prediktiboa”, hain zuzen ere. “Patroiak ateratzeko gai gara azterketa horretatik. Erabiltzaile hori zein alorretakoa den jakin dezakegu, zenbateko kontsumoa egiten duen…”.
Kanpoko datuei dagokienez, datuen konfidentzialtasunarekin eta segurtasunarekin topo egiten dute gehienetan. “Marra gorri bat dago hor, eta ezin da pasatu”. Datu pribatuak eta publikoak daude kanpoko datu horien artean: “Edozeinen esku daude datu publikoak, baina datu pribatuak erosi egin behar izaten dira”.
Industria 4.0
Badago
big data eta analitika aurreratuaren barruan sartzen den beste eremu bat ere: Industria 4.0. “Industria prozesuari lotuta dago Industria 4.0. Prozesuak edo kateak nola optimiza ditzakegun aztertzen dugu bertan”. Goiak azaldu du jende guztiak hitz egiten duela Industria 4.0ri buruz. “Baina denbora asko behar da, oraindik, psikologia egiteko eta jendeak horren inguruan benetako apustua egiteko”.
Telekomunikazio ingeniaritza teknikoa eta goi mailako ingeniaritza industria antolakuntzako ikasketak eginda dauzka segurarrak. Irlandan eta Ingalaterran bost urtean aritu zen lanean, telebistaren, Interneten eta datuen kudeaketa arloan.
Big data eta business intelligence masterra egin zuen Bartzelonan, etxera itzuli eta lanean ari zen bitartean marketinaren alorrean buru-belarri sartzeko. “Urte batzuk igaro ditut kanpoan, eta erronka txiki bat neukan: arlo digitalean hain aurreratuta dagoen mundu batean lanean aritu naizenez, hemen, etxean aplikatu nahi nuen ikasitakoa”.
Euskarari, gaztelaniari eta ingelesari erreferentzia
Era eta
sight hitzen jokotik sortu dute Erasight, euskarari, gaztelaniari eta ingelesari keinu eginez. “Ikuspegia” esan nahi du ingelesezko
sight hitzak. “Zentzu baikorra du”, azaldu du Anaitz Goiak. Gaztelaniazko
era hitzarekin, berriz, gizartea “aro berrian” sartzen ari dela irudikatu nahi izan dute. “Digitalizazioaren aroan, Industria 4.0an,
business intelligence delakoan…”. Eta, euskaraz,
erabaki hitzaren hasiera da
era. Ondorengo helburua bete nahi du Erasight-ek: “Aro berrian erabakitzeko perspektiba hobea izatea; etorkizunean lehiakorragoak nola izan erakustea”.
Goierri eta Bilbo artean egongo da Erasight. “Negozio eremu garrantzitsua dago Bilbon, baina baita Goierrin ere”. Goiekik emandako saria “oso baliagarria” zaie enpresek eurak ezagutzeko. “Eta guk enpresak ezagutzeko”.