Aztiriko festetan, atzo jokatu zen 13. Mendi Lasterketa, 10,5 kilometroko ibilbidean. Juanjo Igartzabal Deba zumarragar-aztiriarra nagusitu da (49:20). Denera 7 aldiz irabazi du Aztirian, azken hiru urteetan jarraian. Bigarren Martin Diez segurarra izan da (50:26), eta hirugarren Gaizka Romero legazpiarra (53:12). Nesketan, Itsasne Galparsoro legazpiarrak irabazi du (1:06:21), 2. Uxua Barandiaran zegamarra (1:09:15) eta 3. Ainara Uribarria oñatiarra (1:09:28) sailkatu dira.

Juanjo Igartzabal, 13. Aztiriko Mendi Lasterketaren irabazlea./Aimar Maiz
Bi garaileek denbora-errekorra jarri dute ibilbide berrian (Otañutik buelta egiten dena). Partaide kopurua ere inoizko handiena izan da, 57 korrikalarirekin. Lehen herritarren sariak (Gabiriako nahiz Legazpiko herritarrak hartzen dituzte aintzat) Cipri Burciok eta Ainhoa Matxinandiarenak jaso dituzte, biak legazpiarrak.

Itsasne Galparsoro, nesketan irabazlea./Aimar Maiz
Aztiriko festak bihar (asteartea, uztailak 18) bukatuko dira, Santa Marina egunarekin. 11:00etan meza egingo da, eta ondoren hamaiketakoa Aztiri-Bat elkartean.
Auzo festak eta omenaldiak
Asteburuan, denetariko ekitaldiak egin dituzte. Auzo afarian 40 bat lagun elkartu ziren, eta aurten berritasuna zen bertso-afarian 60tik gora, larunbatean. Arrakasta nabarmena izan du bertso-afariak. Auzoko lehiaketetan, tokan Mila Aranburu eta Ramon Agirre, eta bolan Jon Agirre nagusitu dira. Gipuzkoa mailako bola lehiaketa, berriz, Naiara Peñagarikano gabiriarrak irabazi zuen, atzo, Juan Mari Iñurritegiri eta Martin Retegiri kitarakoa irabazita.

Bola lehiaketako sarituak, igandean./Iñaki Maiz
Omenaldiek ere garrantzia izan dute. Larunbatean, Aztiri Erretegiko Maria Jesus Deba eta Juan Ramon Goikoetxea ‘Pello’ omendu zituzten, auzoari zerbitzua ematen 30 urte bete izana eskertzeko. 1987ko apirilaren 30ean hartu zuten Aztiriko taberna-jatetxea, herriaren jabetzakoa dena. Atzo, berriz, auzotarrari omenaldia Juanito Zabaletari egin zioten. Lore sorta eta makila bana oparitu zizkion Aztiri-Bat elkarteak, eta Goruntzeko bi dantzarik Agurra dantzatu, eta Jokin Matxinandiarenak bertso parea eskaini zion. Urriaren 12an 88 urte beteko ditu Zabaletak.

Auzoko omendua, Biurrainbeheko Juanito Zabaleta (eserita)./Aimar Maiz

Aztiri Erretegiaren ardura 30 urtean daramaten Maria Jesus Deba eta Juan Ramon Goikoetxea ‘Pello’ senar-emazteak, larunbatean omenduak. /Miren Deba