Segurako zikloturistek Kostako Itzulia egin dute
Ohiturari eutsiz, Segurako zikloturistek Kostako Itzulia egin zuten pasa den larunbatean. Getariarainoko joan-etorri egin zuten, 126 kilometro guztira. 47 lagunek hartu zuten parte; zaharrena Ximon Goia eta gazteena, itzulian Asteasun sartu zen Ander Oiarbidea. Emakume bakarra zen taldean, eta bikain burutu zuen itzulia
Gurutz Goikoetxeak zehaztu duenez, “Seguran irten, Loiolan antolakuntzak goizeko seiretan prestaturiko tortilekin hamaiketakoa, Getarin txakolin bana dastatuz beste pintxo bat, eta Asteasun azken ekinaldirako indarrak hartzeko platerak garbi utzi. Garrantzi handirik gabeko erorketa bat edo beste kenduta, istripurik gabe burutu genuen itzulia eta ondoren Imaz Hotelean lagunarteko bazkaria tourra ikusiaz. Dakigunez, batzuek goizalderarte luzatu zuten kosta ala kosta”.
Seguratik goizean goiz atera ziren, 08:00etan.
Antolakuntzak eskerrak eman nahi dizkie “partaide eta laguntzaile guztiei errepidean azaldutako portaera paregabeagatik, errespetua errespetutik hasten da”.