Zegamako III. Ehiza eta natura azoka, arrakastatsua
Goierriko azoken egitarauan bere lekua aurkitzen ari den ekitaldia da Zegamako Ehiza eta natura azoka. Aurten hirugarren edizioa izan du, eta udazken hasieratik uda bete-betera pasata ospatu da. Karraztarro ehiza elkartea da antolatzailea, eta nabarmendu du aurtengoa “arrakastatsua” izan dela, gero eta jende gehiago, ekitaldi gehiago eta postu gehiago egon direlako. Aldi berean eskerrak eman dizkiote azoka aurre ateratzen lagundu dieten erakunde eta elkarte guztiei.
Larunbatean ikusle gehien bildu zuen ekitaldia basurdeen arrastoei segikako zakurren lehiaketa izan zen. Baliza batzuetatik basurde bat pasatu zuen bi ordu lehenago, eta zakurrek ahalik eta baliza gehienetatik pasa behar izan zuten. Behin proba jokatuta, Arkaitz Etxarrieren Pumuka zakurra izan zen onena, Eduardo San Miguelen Pintto bigarrena eta Julio Lujanbioren Txankete hirugarrena.
Horrez gain, plater hausketa, arku tiraketaren erakustaldia eta 30 postutik gorako erakustazoka ere izan ziren, besteak beste.