Zortzi dendak Gernika pasealekuko pilotalekuan jarriko dituzte postuak, eta gainerakoek kalean, denden aurreetan; goizez eta arratsaldez egongo dira irekita
Beasaingo Bareak Merkatari Elkarteak Beherapen Azoka antolatu du. Bihar eta etzi, elkarteko 35 dendak udako denboraldiko produktuak «prezio ezin hobean» eskainiko dituzte, salgaiak kalera aterata. Goizez eta arratsaldez egongo da erosketak egiteko aukera: 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:30era. Aurtengo azokak badu berritasun bat: zortzi dendak Gernika pasealekuko pilotalekuan jarriko dituzte beraien postuak; gainerako 27ek, berriz, kalean, denda aurreetan.
Pilotalekuan egongo diren dendak Argi Optika, Arku, Ipotx, Kux Kux, Pergola, Trigune, Truk eta Xalo dira. Kalean, berriz, honakoak izango dira: Alzuaran, Amets Descanso, Andreak, Anitz, Aranburu oinetakoak, Arnedoko Txokoa, Boca Boca, Cortes, Eki oinetakoak, Foto Alzuri, Fotoetxe, Hazia loradenda, Itoiz, Jauregi optika, JM Imaz, Kilimak, Mirari mertzeria, Migdala, Mujika txirrinduak, Orki, Oskarbi, Pergola, Phuket Udaberri, Vicuña Sport, Xalo, Y.S. Harriak eta Yañez bitxitegia eta Zuna.
Dendak eta pilotalekua apainduta egongo dira, eta pilotalekua ere musikaz girotuko dute. Erosketak egiten dituztenen artean 300 euro zozkatuko dituzte Bareak dendetan gastatzeko erosketa txekeetan.
Afari zozketak
Bestalde, aurrera jarraitzen du Beasain Txartelarekin ordaintzen dutenen artean afariak zozkatzeko kanpainak. Tti-Tta, Plazape, Xerbera, Batzoki, Basakana, Kuluska eta Bideluzen izango dira afariak.